Gaztetxearen 28 urteko borroka ospatzen

Guaixe 2018ko urr. 10a, 15:34
Kalderete txapelketako sukaldarietako batzuk lanean. Argazkia: Altsasuko Gazte Asanblada.

Okupazioaren 28. urteurrena dela eta antolatutako egitaraua aletzen hasi dira asteburuan

Altsasuko gaztetxearen 28. urteurrena ospatzeko hainbat etxaju bota zituzten ostiralean. Altsasuko Gazte Asanbladako kideek adierazi zutenez, “28 urte hauetan ehundaka gazte pasa dira gaztetxetik. Gure buruak boteretu ditugu, kolektiboan bizitzen ikasiz, eztabaidatzen, ardurak hartzen, esaten zigutenarekin kritikoak izaten, emantzat ematen den guztia zalantzan jartzen…” Altsasun duela 28 urte okupatutako egoitza Euskal Herri osoko gaztetxeen “loraldiarekin” lotu zuten, “prozesu etengabe bat balitz bezala loratzen dira”. Horren guztiaren arrazoia “itzalpean, kasik ikusi ezinak diren milaka gazte inurrik egindako fruitu dira. Antolakuntza eta borrokaren emaitza, ez dago beste biderik”.

Gaztetxeen moduko proiektuak “hedatzea beharrezkotzat” jo zuten. Gaztetxeak “mundua ulertzeko beste modu bat” gisa definitu zituzten: “gure behar propioak asetzeko espazioak dira, lege arrotzik gabeko gune askeak dira, kapitalari espazioa kendu eta langileon beharrei erantzuteko espazioak dira. Nahiz eta hobetzeko asko dugun, mundu berri baterako bidea marrazten dugu”. Gazte asanbladako kideek ziurtatu zutenez, “autogestioa hedatzen segituko dugu eraikinak eta kaleak okupatuz”.

Ospakizunak
Aurreko astean ospakizunetarako beharrezko auzolanak egin eta gero, ostiralean egindako pintxo-potearekin eta film-laburren lehiaketako, Gaztewood galarekin hasi zen Altsasuko gaztetxearen 28. urteurren ospakizunak. Kalderete lehiaketa hartzeko gaztetxe ondoko plaza txiki gelditu zen aspaldi eta Foru plazak hartu zuen, atzera ere. Sukaldariak lehenik eta gero jalez betetako mahaiek bete zuten plaza. Jai giroak iluntzera arte segitu zuen gaztetxean zegoen dantzaldiarekin.

Egitaraua
Lastailak 12, ostirala. Egun arrotza
10:00etan Herri eskola. Palestinari buruzko hitzaldia.
20:30ean Pintxo-potea gaztetxean.

Lastailak 21, domeka. Nafarroa Oinez.
Egun guztian irekita egonen da.
20:30ean Juantxo Skalari eta Rude Banden kontzertua.

Lastailak 26, ostirala. Feriak
20:30ean Pintxo-potea gaztetxean eta Tokan 2 La Pollaren kontzertua.