Josefina Arregi klinikaren proiektu bat saritua

Guaixe 2018ko urr. 13a, 09:45
Josefina Arregiko kudeatzaile Juan Manuel Vicente saria jasotzen.

Ikasleak eta adinduak harremanetan jartzen dituen ekimena da saria jaso duena. Haurrek eguneko zentrora bisitan joaten dira eta adinduak, berriz, ikastetxetara.

III. Osasungintza humanizatzeko sariak astelehenean banatu zituen Teva botika-enpresak. “Osasungintza gizatiarraren eta gaixoen bizi kalitatea hobetzeko ekarpena” egiten duten 11 ekimen saritu zituzten. Saritutako ekimenen artean Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa dago. Zehazki ikastetxeekin garatzen duen eta haurrak eta gaixo adinduak harremanetan jartzen dituen proiektuagatik. Enpresako arduradunek honela argudiatu zuten saria: “adinduei ilusioa bueltatzeagatik. Eguneko zentroa adinduen eta haurren topagune bihurtzeagatik. Dementzia duten gaixoen integrazioa sustatzeagatik”. Proiektua garatzeko 3.000 euroko saria jaso zuen klinikak.

Helburuak
Klinikan badira urte batzuk belaunaldi-arteko harremana sustatzen duen programa indarrean dela. Ikastetxeetatik erietxera joaten diren haurrei begira honako helburuak lortu nahi dira: alde batetik, Alzheimer gaixotasuna ezagutzea gaitzak duen estigmatizazioari aurre egiteko eta, bestetik, gaixoekin nolako harremana izan behar duten ikastea eta zer beharko duten ikustea. Klinikatik adierazi dutenez, “belaunaldi berriak adin desberdinen artekoen errespetuan eta tolerantzian hezi nahi ditugu, eta baita ere zahartzaroa gaitasun ezarekin lotzen dituzten argumentuak zalantzan jarri. Horretaz aparte, haien heziketa osatu nahi dugu biziko duten esperientziaren bitartez eta nagusiek transmititzen dietenaren bitartez”.

Ikasleen bisitek klinikan dauden adinduengan badu eragina ere. Adinduak haurrekin egotean lortu nahi dena da: adinduen mugikortasuna laguntzen duten jardueren bitartez estimulazio fisikoa eta funtzionala sustatzea; estimulazio kognitiboa; estimulazio emozionala haur eta nagusien artean harreman afektiboa eta entzutezkoa sortu dadin saiatuz; estimulazio soziala nagusien eta komunitatearen arteko loturak estutuz.

Josefina Arregitik adierazi dutenez, “bai nagusiek eta bai haurrek ere esperientzia hau oso modu positiboan bizi izan dute. Urte hauetan guztietan ikusi dugu ezarritako helburuak betetzen goazela”.
ainbat belaunalditako pertsonak bizi diren etxeetan oso garrantzitsua da denen arteko lotura indartzea eta elkarrekin egin daitezkeen jarduerak sustatzea. Izan ere, batzuek eta besteek ongizatea eta poztasuna lortzeko bide izanen dira”.