“Bihotz handiegia”, “Zubigileak” eta “Korri, Kuru, korri!”

Altsasuko liburutegia 2018ko urr. 12a, 08:15

kolaboratzaileak

Altsasuko liburutegitik helduendako bi irakurketa proposamen –nobela eta komikia– eta haurrendako liburu proposamen bat egin dizkigute.

 

Helduendako:

- Narratiba: Eider RODRIGUEZ: Bihotz handiegia, Susa, 2017

NARRATIBA EUSKADI SARIA 2018

Sei ipuinek osatzen dute Eider Rodriguezen azken liburua, baina lehenengoa, bihotz handiegi horrek bil ditzake guztiak: norberaren (gorputzaren) eta gizartearen arteko hartu-emana, edo hobeto esanda talka, baita istorio guztien gidaria. Pertsonaien barne-mundu sakona, zorrotza, kontraesanez betea eta batzuetan gatazkatsua ageri da lehen planoan, baina besteekiko edo gizartearekiko harreman estu eta gazi-gozoan beti.Sei kontakizun bitxi, ohiko, erreal eta irreal aurkituko ditu irakurleak, zein baino zein latzagoa, Rodriguezen idazkera zehatz, gordin eta zoragarriak gidatuta.

-Helduendako komikia: Alfonso ZAPICO: Zubigileak, Astiberri, 2018; Los puentes de Moscú, Astiberri, 2018

2016ko neguaren lehen egunean, Eduardo Madina eta Fermin Muguruza Irunen elkartu ziren. Aitzakia Jot Down magazinerako elkarrizketa bat izan zen, baina edozein estakuru izan zitekeen egokia bi euskaldun horiek, bizi-ibilbide itxuraz oso desberdinak izan dituzten bi euskaldun horiek, elkartzeko. Madina –2002an ETAren atentatu batetik bizirik atera zen politikari sozialista– eta Muguruza –Kortaturen lider historikoa eta Euskal Herriko musikaren erreferentzietako bat– solasean aritu ziren kafe baten aurrean, Alfonso Zapico marrazkigileak une haren potreta bere koadernoan jasotzen zuen artean.

 

-Haurrendako narratiba: Patxi ZUBIZARRETA: Korri, Kuru, korri!, Ibaizabal, 2018, 84; ¡Corre, Kuru, corre!,Edelvives, 2018, 82

ALA DELTA SARIA 2018

Erorketa baten ondorioz, Nora ospitalean sartu da eta han Kuru ezagutuko du. Bere istorioa tristeegia iruditzen zaio eta, horregatik, nahiago du ez kontatzea. Hori dela eta, 1827an Egiptotik Parisera Frantziako errege-erreginei Mehmet Ali pashak egindako opari moduan bidaiatu zuen jirafaren istorioa kontatu dio. Bidaia horretan, Atir, bizitzan bakarrik dabilen eta azkenean elkarrekin banaezin bihurtuko diren haurra izango du lagun.