Lanbide Heziketa institutuan euskarari tokia egin nahi diote

Guaixe 2018ko urr. 19a, 08:51

Sakana Lanbide Heziketa institutua.

Epe luzera euskaraz funtzionatu nahi du. Horretarako, ateratzen diren funtzionario plazak euskaraz dira.

Euskarak nota txarra du Lanbide Heziketan. Euskararen lurralde guztian gabezia orokor bat da. Ikasketa eskaintza zabaltzen ari bada ere, oraindik ere egiteko asko dago lanbide irakaskuntza euskalduntzeko. Eta bide horretan dago Sakana Lanbide Heziketa institutua ere. Eremu euskaldunean egonda. Bere epe luzerako helburu estrategikoen artean dago euskaraz lan egitea, baina ez dakite noiz lortuko duten helburua.

Bide horretan urratsak ematen hasi dira. Sakana institutuan ateratzen diren funtzionario plazek euskara eskakizuna dute. Eta gaztelania eskakizuna duen funtzionarioren bat ikastetxetik joaten bada, gaztelaniazko plaza desagertu eta euskarazkoa sortzen da. Nahiz eta klaseak gaztelaniaz izan euskaraz dakiten irakasleek euskaraz hitzen egiten diete dakiten ikasleei. Ikasleriaren erdiak daki euskara.

Egokitzea
Beste ikastetxeekin, Hezkuntza Departamentuarekin, udalarekin eta jende askorekin hitz egin ondoren ondu zuen Sakana Lanbide Heziketa institutuak bere plan estrategikoa. Hor jasotzen da euskarari buruzko erabakia. Institutuaren gizarte kontseiluan asmo horien guztien berri eman zuen zuzendaritzak eta onartu egin zen. Nafarroako Gizarte Kontseiluan dauden sindikatuak, UGT eta CCOO, ere bilera hartan zeuden eta dokumentua onartu zuten.

Eta azken sindikatu horrek orain Hezkuntza Departamentuak egindako kontratazioa salatu du: gaztelaniazko klaseak emateko euskarazko espezialitate zerrendako pertsona bat kontratatu dutela. Sindikatua kexu da: “plazako baldintzak aldatu dira, klaseak emateko beharrezkoa ez den profil bat (euskarazko C1) eskatuz”. CCOOk kritikatu du ere erabakiak kontratatutako langile batengan izan duela eragina, “kolektibo ahulenean, eta ez ikastetxeko behin betiko irakasle funtzionarioen artean”.

CCOOtik adierazi dutenez, euskararen erabilera sustatu eta normalizazioaren alde agertu dira. Eta hori lortzeko “hain bidegabeak” ez diren neurriak daudela azaldu du: gaztelaniazko irakasleei euskara irakastea. “Sakana moduko testuinguru elebidun batean euskararen gutxieneko ezagutzak izatea ona dela uste dugu”. Sindikatutik proposatu duten beste neurria da “nahikoa ikasle badaude, euskarazko zikloak martxan jartzea”.

Plan estrategikoa onartu ondoren kexa aurkezteak harritu ditu institutuan. Bestetik, ikastetxetik argitu digutenez, departamentuak ez du sekula euskarazko eskaintzarik egin eta euskarazko adarra sortzeko nahikoa ikasle ez daude.

160 bat ikasle
Honako ikasketak egiten ari direnak: Merkataritza Zerbitzuetako Oinarrizko Lanbide Heziketa; erdi mailako soldadura eta galdaragintza, mantentze-lan elektromekanikoa eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko zikloak; goi mailako fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa eta industria-mekatronika zikloak eta, azkenik, erregimen bereziko mendi ertaineko gida eta eskaladako ikasketak.