Sakanako bi esperientzia Nafarroako Eskola Kontseiluaren jardunaldietan

Guaixe 2018ko urr. 23a, 11:38

Ikasketa zerbiztu proiektuarne barruan eskoletako ikasleak Lanbide Heziketa institutura bisitan joan izan dira.

Lanbide Heziketaren ikasketa-zerbitzu eta Sagrado Corazon ikastetxeen esperientziak ezagutaraziko dira.

Nafarroako Eskola Kontseiluak XXII. Jardunaldiak antolatu ditu. Berrikuntza proiektuak 2017-2018 izenburua dute jardunaldiek eta familia, irakasle, profesional eta udal arduradunei zuzenduta daude. Bi egoitza dituzte: atzotik bihar arte Tuterako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalaren egoitzan izanen da eta Iruñean, Nafarroako Museoan, azaroaren 6tik 8ra.

Hezkuntza komunitatetik eta komunitatera hausnarketak ekartzea bilatzen dute jardunaldi horiek. Helburu nagusiak dira praktiken aldaketa eta hausnarketaren harremana lantzea, Nafarroako hezkuntza sisteman esperientzia esanguratsuak partekatzea, ikerketa-taldeen arteko ezagutzak modu iraunkorrean komunikatzeko bideak diseinatzea eta esperientzien ikusgarritasuna gizartera zabaltzea.

Partekatuko diren esperientzia esanguratsuen artean Sakanako bi daude. Alde batetik, Sakana Lanbide Heziketa institutua ardatz duen ikasketa-zerbitzu kooperazio proiektuaren berri emanen da (gaur Tuteran eta azaroaren 7an Iruñean). Bestetik, Sagrado Corazon ikastetxeak Solos en el olvido proiektuaren berri emanen du (bihar Tuteran eta azaroaren 8an Iruñean).

Saio guztien ordutegia 17:30etatik 20:00etara izango da eta aldibereko itzulpena egingo da zeinu-hizkuntzara. Agertzea librea da baina beharrezkoa da Jardunaldietan aurretik izena ematea Nafarroako Eskola Kontseiluaren bitartez edo irakasleentzako Hezkuntza Departamentuaren formakuntzarako ohiko atarian.