Sociedad Deportiva Alsasuak 50 urte bete ditu

Guaixe 2018ko urr. 19a, 10:39

Aurreko ostiralean 2018/2019 denboraldiko Altsasu kirol elkarteko 14 futbol taldeen aurkezpena egin zuten Dantzalekun eta Migel Angel Montesinosi, Gregorio Riezuri eta Guzman Lobori omenaldi sorpresa egin zieten. Dantzalekuko armaila berrituak egun seinalatuan mustu zituzten

1968ko otsailaren 5ean sortu zen Sociedad Deportiva Alsasua (SDA). 50 urte beranduago, gaur egun SDA klubak 380 bazkide ditu eta futbol, pilota eta txirrindularitza atalak. Futbol sekzioak du pisu gehien. Aurreko ostiralean, hain zuzen ere, 2018/2019ko futbol taldeen aurkezpen ekitaldia egin zuten Dantzalekun.

14 futbol talde, 275 futbolari eta 20 entrenatzaile
SDAren futbol atalak osasun bikaina dauka. 14 futbol talde ditu Altsasuk: erregionala (Benito Anguas entrenatzailea), jubenila (Peio Goikoetxea entrenatzailea), kadeteen mailako bi talde (Paulette Bergara-Asier Miño eta Javier Fernandez-Gorka Chamorro entrenatzaileak), haurren mailako bi (Julian Sevilla-Ekai Urkijo eta Asier Salgado-Mikel Lakuntza entrenatzaileak), kimuen mailako bi (Imanol Martinez eta Nabil Essobai entrenatzaileak), benjaminen mailako hiru (Aitor Lara, Ivan Arevalo eta Sonia Alonso entrenatzaileak) eta aurrebenjaminen talde bat (Iñaki Cristobal entrenatzailea). Eta emakumezkoetan, bi talde daude: erregional mailakoa (Alfonso Castellanos eta Ane Cantero entrenatzaileak) eta Futbol 8 mailakoa (June Leza eta Irati Igoa entrenatzaileak).

“Gutxi gorabehera 275 futbolari eta 20 entrenatzaile ibiliko gara lanean” azaldu zigun SDAko futbol koordinatzaile Alfonso Castellanosek. “Klubaren helburuak kirola sustatzea, neska-mutilen arteko laguntasuna bulkatzea, eta gazteak  futbolean trebatzea da, oinarri sendoarekin lehiatzen ikas dezaten. Eta emaitza onak badatoz, hobe” gaineratu zuen Castellanosek. Aurkezpen ekitaldian futbolariak banaka atera ziren eta talde argazkia egin zuten; bukaeran, guztiok batera argazki erraldoia atera zuten.

Montesinosi, Riezuri eta Lobori omenaldia
Futbol aurkezpen ekitaldia aprobetxatu zuen SDAko zuzendaritzak, Miguel Angel Montesinos, Gregorio Riezu eta Guzman Lobo omentzeko. Omenaldi sorpresa izan zen, eta hiruek hunkituta jaso zuten klubeko kideen aitortza. Oroigarria, loreak eta aurreskua izan ziren eurendako.
72 urteko Montesinos hasieratik da SDAko kidea. “Sorreran bi hautagaitza zeuden eta Vitorino Bengoetxeak zuzendutakoa hautatu zen” gogoratu zuen. Berarentzat hitz ederrak izan zituzten. “Montesinos elkarteko motorra da. Ordu etengabeak ematen ditu bulegoan, arazo guztiak konpontzen, diru-laguntzak eskatzen, paper amaigabeak betetzen… bere kontaktuei esker hau guztia posiblea da. Guztia behar bezala egon arte ez da etxera joaten” azaldu zuen Eugenia Rosak.

Beste omendua Guzman Lobo izan zen. “Gure argazkilaria da, kartelak egiten dituena eta beti laguntzeko prest dagoena. Informatikarekin erotzen dugu” gaineratu zuten elkarteko juntakoek. Eta hirugarren omendua 73 urteko Gregorio Riezu izan zen, 4 hamarkada baino gehiago kontabilitate eta administrazio lanak egiteko ardura izan duena, elkarteari zenbatu ezinezko orduak eskaini dizkiona. “Zuen lana gabe elkarteak ezingo zuen aurrera jarraitu horrenbeste urte. Juntara sartu ginenean ez genekien nondik hasai ere, eta zuen laguntzarik gabe, ez dakigu zer egingo genukeen” aitortu zuen SDAko egungo juntak.

Errealeko jarlekuak
Dantzalekuko harmailek itxura berritua dute. Altsasuko Udalaren eta SDAko kideen elkarlanari esker egin dira lanak. Altsasuko Udalak harmailen fatxada berritu zuen, eta SDAko kideek, auzolanean, harmailak margotu dituzte, harmarria barne, eta lehengo porlanezko harmailen gainean Errealak utzitako jarleku urdinak jarri dituzte, garbiketa lanak egiteaz aparte. “Guzman Lobori esker lortu ditugu jarlekuak. Bera Errealeko bazkidea da, eta Errealeko Jose Luis Agirre kanpoko-futboleko koordinatzailearekin jarri zen harremanetan. Horrela, Anoetako lehengo zelaiko 650 aulki eman dizkigu Errealak; horietatik 400 inguru jarri ditugu eta besteak erreserbarako gordeak ditugu” azaldu zuten.  

SDAko zuzendaritza
SDA taldeko juntan Jone Borrega da presidentea, Carlos Villalobos presidenteordea, Eugenia Rosa diruzaina, Mañu Navarro idazkaria, eta Jesus Sayas, Martin Somocurcio, Felix Mazkiaran eta Iñaki Etxaiz bokalak. Txirrindularitza sekzioaren ardura Felix Mazkiaranek du, pilotarena Mañu Navarrok eta Jesus Sayasek eta futbol koordinatzailea Alfonso Castellanos da.