Igandean Nafarroa Oinez festa ospatuko da Altsasun Iñigo Aritza ikastolak antolatuta. Duela bederatzi urte Sakanan ere izan zen ikastolen festa, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolaren ardura izan baitzen Nafarroa Oinez antolatzea. Txikiak Handi izan zen leloa, eta haren harira Txikiak Handi hizkuntza gutxituak aldarrikatzeko egitasmoa sortu zen. 2009an egin zen gaiaren inguruko lahenengo jardunaldia Nafarroa Oinezen bezperan, eta bihar eginen dute bigarrena: Txikiak handitzen: hizkuntza gutxietuetako hedabideak munduan. Hortaz, hizkuntza gutxietuetako hedabideak izanen dira gaia. Altsasuko Iortia kultur gunean izanen dira jardunaldiak, 09:30etik aurrera.
Txikiak Handi egitasmoaren helburua hizkuntza gutxituak aldarrikatzea da.
Bai, eta bide batez ikastola garenez eta hezkuntza mundutik gatozenez helburu horrekin batera ikastoletako eta atzerriko hainbat ikastetxetako ikasleak harremanetan jartzen ditugu haien hizkuntzaren inguruan hausnarketa egiteko eta beraien arteko harremana sustatzeko. Aurten soziolinguistikaren inguruan Unitate Didaktiko bat prestatu dugu eta Iñigo Aritza ikastolako eta Valentziako Escola Gavina izeneko ikastetxeko ikasleak elkarrekin lan egiten ari dira bakoitza bere hizkuntzan. Lan bat egin behar dute eta gero elkartrukatuko dute. Beraz, hizkuntza gutxituak aldarrikatzea da helburua, baina batez ere hizkuntza gutxituen artean elkarlana sustatzea.
Duela bederatzi urte jaio zen. Zer nolako egitasmoak egin dituzue?
Etxarri Aranatzen sortu zenean Txikiak Handi manifestua jaio zen. Gaur egun txikiakhandi.eus webgunean sinatzeko aukera dago eta edonork sinatu dezake. Urte horretan topaketa berezi bat egin zen hizkuntza gutxituen inguruan. Bertan bildutakoek manifestua sinatu zuten ere. Ordun geroztik erabaki zen egitasmoa iraunkorra izatea eta urtero egin izan ditugu hainbat jarduera, eta, bereziki, hizkuntza desberdinekin kontatuak egin ditugu. Kaxubi, kitxua, korsikera, valentziera eta abar. Ordezkariak etortzen dira eta harreman estua egin dugu. Zorionez ez da kontaktu puntual bat. Gaur egun Internetaren poderioz harreman hori indartuz joan da.
Bihar, urriaren 20an, larunbata, Nafarroa Oinezen bezperan, Txikiak handitzen: hizkuntza gutxituetako hedabideak munduan jardunaldiak eginen dituzue. Zergatik hedabideak?
Garbi daukagu ikastoletan zenbait helburu ditugula; gure hizkuntza proiektuan euskaldun eleaniztasunak sortu nahi ditugu eta garbi daukagu batez ere hizkuntza gutxituei begiratuta hizkuntza bat hezkuntzaren bidez ikasten dela, baina kanpoan egiten dela hizkuntza horren erabilera. Hortaz, kanpora begira hedabideak daude. Gure kasuan, euskararen normalizazioari begira, hedabideek egiten duten lana funtsezkoa da. Beraz, erabaki dugu mundu mailako hizkuntza gutxituak erabiltzen duten hedabideak elkartu, eta, alde batetik, hemen momentu honetan zer egiten ari garen ikusi eta, bestetik, kanpoan ere hizkuntza horiekin eta beraien hedabideekin egiten ari direna ikusi.
Esperientziak trukatzeko baliagarria izanen da.
Bai. Topaketa edo ekitaldia goizean eginen dugu. 09:30tik 14:00etara. Edozein pertsonak har dezake parte. Hizkuntza gutxituetan eta hedabideetan interesa duen edonork. Batez ere, hemen, Euskal Herrian, zorionez gauza asko egin dira gure hizkuntza biziberritzeko prozesuan eta konkretuki hedabideen alorrean. Baita Europa eta mundu mailan egiten ari diren gauzak. Interesgarria iruditzen zaigu etorriko direnek gauza asko dituztela esateko. Hizkuntzaren erabilera garen honetan gora beherak egoten dira, eta batzuetan autoflagelazioan sartzen gara. Gauza polita da ikustea egin ditugun gauzak, zer egiten ari garen eta aurrera bagoazela.
Zein da hizkuntza gutxituen hedabideen egoera?
Denetarik dago. Zorionez Euskal Herrian gure hizkuntzaren biziberritze prozesu honetan azken berrogeita hamar urteetan aurrerapauso handiak eman ditugu. Guaixe da horren isla, esate baterako. Mundu mailan denetarik dago. Topaketara Yazmin Novelo etorriko da Mexikotik, Yucatandik, Radio Yuyum deitutako proiektu bat dute eta bera esataria da. Amerikako jatorrizko hizkuntzen egoera ez da hemengoa, han, kasu batzuetan, zoritxarrez biziberritze prozesuan pauso batzuk atzerago daude. Hala eta guztiz ere haiek maia hizkuntzaren eta maia kulturaren alde egiten dute lana ikaragarria da. Eta hori ikusteko aukera izanen dugu bihar. Europan ere bada denetarik. Galesetik Elin Haff Gruffydd Jones etorriko da, Irlandatik Ronan Mac Con Iomaire RTE Irlandako Irrati telebistako gaelera arduraduna... Gales eta Irlanda hain gertu egonik, bata eta bestearen hizkuntzak duen pisua oso ezberdina da. Bihar ezagutuko dugu.
Omenduak egongo dira?
Txikiak Handik dauka urtero Nafarroa Oinezen bere unetxoa, eta kanpotik etortzen direnak biharko ekitaldian parte hartuko dute eta igandean Txikiak Handi manifestua sinatuko dute. Ez dira omenduak izanen omenaldirako beste batzuk daude, igandean jakinen direnak. Baina Txikiak Handi manifestuaren parte eginen dira.
Hizkuntza gutxituak erabiltzen duten hedabideei buruzko jardunaldi osatua prestatu duzue biharko.
Egitasmoa Sakanako Mankomunitatearekin batera antolatu dugu. Beraien laguntzari esker antolatu dugu. Urte osoko lana izan da, eta eskertzekoa da. Ilusio handiz iristen gara biharko egunera. Gainera jendea animatu dela eta izena eman duela ikustea pozgarria da. Ekitaldia 09:30ean hasiko da eta Johan Haggman-ek hartu du hitza. Bruselatik dator eta hizkuntza gutxituen hedabideen egoera zetan den kontatuko digu berak. Egoera orokorra. Jarraian Euskal Herrira itzuliko gara eta Idurre Eskisabelek eta Juan Kruz Lakastak hartuko dute hitza. Euskal hedabideak iragana, oraina eta geroa deitu diogu beraien zatiari. Non gauden eta gure hizkuntzari eta hedabideei dagokionez zer erronka ditugun azalduko dute. Bigarren zatian eredu on batzuk ekarri nahi izan ditugu atzerritik. Mexikoko, Galesko eta Irlandako egoerak ezagutu ditugu. Amaieran jendeak nahi duena komentatzeko tarte bat izanen dute. Iruditzen zaigu beraiek entzunda jendeari gauza asko etorriko zaiela burura eta aipatzeko gauzak eta konpartitzeko ideiak izanen direla uste dugu.