Altsasun dena prest Nafarroa Oinez hartzeko

Guaixe 2018ko urr. 19a, 14:06

Aste guztian zehar izan dira montaketa lanak.

Igandean, urriaren 21ean, ospatuko da Nafarroa Oinez festa. 4,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute. Inklusibitatearen aldeko apustua egin du Iñigo Aritza Ikastolak, aurtengo festaren antolatzailea, "berezia egiten duena"

Urteko prestakuntza ondoren iritsi da unea. Nafarroa Oinez festa ospatuko da igandean, urriaren 21ean, Altsasun. Iñigo Aritza ikastolak antolatu du aurtengo festa, eta inklusibitatearen aldeko apustua egin dute, Eneida Carreño ikastolako presidenteak adierazi duenez. Bizi da aurtengo Nafarroa Oinezen leloa.

Ibilibidea inklusiboa

4,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute eta ez dago aparteko arazorik egiteko, aldapa gutxi dituelako. Ibilbideak hiru bide ditu, eta planoetan zailtasunaren arabera kolore batekin agertzen da. Hortaz, irisgarritasun osoko bide bat dago, irisgarritasun maila ertaina eta hirugarrena behar bereziak dituzten pertsonendako pentsatua dagoena.

Hiru bideak Bizi, Kanta, Txio eta Dantza gunetara iristen dira. Gune bakoitzean askotariko jarduerak daude.

Carreñok adierazi duenez Nafarroa Oinez egun bateko festa baino gehiago bada. "Urte osoa daramagu eguna prestatzen". Gainera, egunean bertan egonen diren 1.200 boluntarioen lana eskertu du ikastolako presidenteak.

Egitaraua

Adin guztietarako egitarau osatua prestatu du Nafarroa Oinezko antolatzaileak. Eneko Gartziandiak, jarduerak batzordeko kideak, musika eskaintzaren berri eman du: Tximeleta, Zartako-k, Moonshine Wagon, Oihane Vega, Anita Paker, Demode Quarter, Amaren Alabak, Trikiteens edota Gauargi taldeak izanen dira, besteak beste. "Bereziki azpimarratu nahi ditugu katalaneraz eta galizieraz abestuko duten bi talde: Xabi Sarria i el Cor de la Fera eta Ezetearre".

Erronka izanen da eguneko beste ekitaldi handia, izan ere, ekimenean parte hartuko duten gazteek gunez gune joanen dira lehiatzen. Nafarroako ikasatola guztietako kideek parte hartzen dute kirol eta trebezia ardatz duten probetan.

"Aurtengo edizioaren erronka nagusia Oinez inklusibo bat egitea izan da, aurrekoekin alderatuta berezia egiten duena". Urtean zehar egindako ekitaldi guztietan inklusibitatea landu dute, esaterako, bideoklipa gormutuendako lengoaian itzuli zuten. Beraz, bereziki presatutako ibilbidea ez ezik, panelak eta seinaleak izanen dira ibilbide osoan zehar.

Trafikoa

Altsasu Gipuzkoaren eta Arabaren arteko bidegurutzean dago; hortaz, A-1 eta A-10 errepideen artean dago. Aparkalekuak prestatu dituzte herriko sarreretan eta guneetatik gertu. Gainera, Renfek tren eskaintza berezia prestatu du 6.500 eserleku gehiagorekin. Autobusak antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan ere.