1. Zer nolako garrantzia dute langileek ikastolan?
Ikastola familia bat da eta familia bezala ulertu behar dugu. Familia esaten dugunean alor desberdinak hartzen ditugu: ikasleaz, irakasleaz eta familiaz gain ikastola aurrera egiteko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren beste hainbat zerbitzu daude. Ikastola puzzle baten antzerakoa da eta puzzle horretan bakoitzak bere pieza jartzen du, eta eman beharrekoa ematen dugu. Egunerokoan dagoen jendea, baina ikusten ez dena omenduko dugu ere.
2. Ikasleak, irakasleak eta familiak aipatu dituzu. Zeintzuk dira ikastola osatzen duten beste piezak?
Gidaritza eramaten duen zuzendaritza beharrezkoa da, idazkariak bulegoko eta beste hainbat lana egiteko beharrezkoak dira, jantoki zerbitzua eskaintzen dugunez jantokiko langileak egon behar dira ere. Autobuseko zaintzaileak ditugu ere garai batean derrigorrezkoak ez zirenak, baina gaur egun derrigorrezkoak direnak. Orientazio departamentua ere ezinbestekoa da. Ikasleen hezkuntza prozesu guztiaren garapena jarratzen du orientatzaileak. Zero urterekin sartzen denetik hamasei urterekin bukatzen duten arte. Garbiketa ere ezinbestekoa da, kontuan hartuz, gainera, mendian gaudela. Irakasleak ikaslearen etapa bakoitzean inplikatzen gara buru belarri. Ez da arlo akademikoan bakarrik. Nik uste ikastolek hortan badutela garrantzia, langileok ez garela mugatzen akademikoki irakastera bakarrik. Inplikazio asko dago.
3. Guztira zenbat langile zarete?
Iñigo Aritza ikastolan 51 langile gara. Klaustroa 33 irakasleek osatzen dugu. Azken urteetan izan dugun irakasle kopuru handiena dela esanen nuke. Ikasleak zaintzen dituzten zaintzaileak ditugu ere, bi. Idazkaritzan bi dira, zuzendaritzan bat, garbiketan lau pertsona daude mendiko ikastolan eta beste bi Txiokan, eta jantokian bi pertsonek lan egiten dute. Autobusean ere bi zaintzaile daude. Txiokan sei pertsonek lan egiten dute.
4. Familia bat zaretela diozu, harremana, beraz, estua da.
Ikasleen garapena eta bilakaera osoa ezagutzen dugu. Harremana oso estua da. Ez da bakoitzak bere papera egiten duela ondokoari begiratu gabe. Azkenean hartu eman bat dago. Egia da garbiketakoekin ez dugula harreman handia arratsaldetan etortzen direlako, baina astelehenetan haiekin topatzen gara eta ¡hitz egiten dugu. Urtero bidai bat egiten dugu langile guztiok.
5. Beraz, omenaldia garrantzitsua da langileendako.
Ikastolaren funtzionamendurako oso garrantzitsua da guztion lana, eta omenduak izatea eta kontuan hartutak izatea beti polita da. Batzuetan pentsatzen dugu egiten duguna baloratuko den edo ez. Eta omenaldian baietz ikusten da. Garrantzitsua da, bai.
6. Zergatik irakaslea izan?
1981eko Nafarroa Oinezko kamiseta hartzen dudanean emozionatzen naiz. Nire bizitza laburtzen du. Zazpi urte nituen Nafarroa Oinez hori egin zenean eta gogoan dut San Pedron egon ginela. Ikaslea ere izan naiz, ez ikastola honetakoa, baina Etxarri Aranazko ikastolako ikaslea izan naiz. Ikasketak egiten ari nintzenean lagun batek esan zidan lanpostu bat zegoela Altsasun ordezkapenak egiteko eta izena eman nuen. Elkarrizketa egin nuen eta lanean hasi nintzen. Azaroan hogei urte eginen ditut lanean hasi nintzela. Beraz, hamahiru urtera arte ikastolan, gero formatu nintzen eta ia nire bizi erdia hemen eman dut. Ikastola bizitzeko modu bat da. Sentimendu bat da, eta ikastola sentimenduekin oso lotuta dago.
7. Zer ematen dizu irakaslea izateak?
Irakasle izatea gustatzen zait. Gustatzen zait ikasleekin egotea, hartu eman hori egotea, eta gustatzen zait gauzak erakustea. Gustukoa dut, bai. Gustora etortzen naiz lanera. Nire lana ez da klase bat eman eta banoa. Ez. Gustatzen zait ikasleekin inplikatzea eta haiek gustora sentitzea. Oso harreman estua da. Hoberena ikasleekiko gertutasun hori da. DBHko ikasleekin nago ni eta gora beherak egoten dira nerabe garaian daudelako, baina hemendik ateratzen direnean eta denbora pasatzen denean gerturatzen dira eta haien bizitzari buruz kontatzen dizute. Gertutasun hori da politena.
8. Momentu txarrak ere egonen dira, ez?
Azkenean pertsonekin lan egiten dugu eta denak ezberdinak gara. Elkar ulertu behar dugu, adostasun batera iritsi behar gara. Harreman horiek zailak dira. Horrela da eta ikasi behar dugu; batzuekin ongi moldatzen zara eta besteekin okerrago, baina gauzak komunean egin behar dira eta bakoitzak jarri behar du jarri beharrekoa.
9. Nafarroa Oinezaren eguna iritsi da. Nolakoa izan da urte hau langileendako?
Nafarroa Oinezek jende asko mugitzen du. Familiak mugitzen ditu, irakasleak mugitzen ditu eta langileak mugitzen ditu. Bertan egon gara bakoitza alor ezberdinetan lan egiten. Batzuek pertsonalaren batzordean egon dira, beste batzuk jarduereten, ibilbidean, komunikazioan, grafismoan... Bakoitzak bere burua ongi sentitzen duen alor horretan egon da lanean; egiten dakigun apur hori hobekien senti gaitezkeen eremu horretan eman dugu. Buru belarri aritu gara. Bilerak egiten eta lanean. Azken egunetan eguraldiari begira egon gara. Guk nahi dugu jendea etortzen denean gustura egotea. Ibilibdea eta zonaldea oso polita da. Dauden ekitaldiak ere oso politak dira. Urte guztian zehar lan asko egin da eta bere fruituak eman dituela ikusi nahi dugu. Dena ongi joatea nahi dugu, ezbeharrik ez gertatzea.
10. Baina zuek lanean egongo zarete.
Lanean, bai. Omenaldira korrikan joango gara eta gero berriro lanera. Omenaldira langileetako batzuk joango gara gainontzeko guztiak lanean egongo direlako. Paradoxikoa da, baina lanean egongo dira eta omenaldira goazenak ere gero lanera itzuliko gara. Polita izanen litzateke ikasatolaren bilakaeran egondako pertsona guztiak egotea, baina ordezkariak egonen dira bakarrik. Ni irakaslegotik ordezkaria izanen nintzela esan zidaten. Baina langile guztiak egonen dira ordezkatuak.
11. Omenaldia Iortia kultur gunean izanen da. Zerbait aurreratu dezakezu?
11:30ak aldera izanen da, izan ere, protokoloa zinta moztu ondoren ibilibide osotik ibiliko da eta Iortia kultur gunera joanen da gero. Orduan, iristen denean hasiko da omenaldia. Ordu bat inguru iraungo du eta oso polita izanen da. Argazki zaharrekin bideo baten emanaldia egonen da, besteak beste, eta, ondoren, otamena.