Utzi Altsasu bakean lelopean herri-batzarra deitu dute biharko, 19:00etan, Gure Etxea eraikinean. Bilkura horretan azaroaren 4ra begira jarriko dira. Zer egin aztertzeko atzo batzarra egin zen Altsasun eta hortik etorri da deialdia. Ospa mugimenduak ere gaia aztertzeko bilera egin zuen atzo.
Azaroaren 4rako España Ciudadana plataformak Guardia Civila errespetatu egiten da ekitaldia du antolatuta Altsasun. Haren berri Ciudadanos alderdiko buru Albert Riverak eman zuen eta adierazi zuenez, “Altsasu espazio sinbolikoa da. Han, inoiz baino gehiago, zerbitzari publikoen askatasuna eta haiekiko errespetua defendatu behar da”. Riverak aurreratu zuenez, herritarrez eta gonbidatu bereziz lagunduta Espainiako konstituzioko 4. xedapen gehigarria kentzeko eskatuko du, “Euskadik Nafarroa ez anexionatzeko”. Aste honetan jakin da Vox alderdiak ere bat eginen duela deialdiarekin.