Nafarroa Oinezen atariko, Txikiak handitzen: hizkuntza gutxituetako hedabideak munduan jardunaldia izan zen larunbatean. Iñigo Aritza ikastolak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu zuten jardunaldia. Iortia kultur gunean Mexikoko, Galesko, Irlandako eta Euskal Herriko hedabideen esperientzien berri eman zuten. Hedabideek hizkuntzaren normalizazioan duten garrantziaz pentsatzeko aukera eman zuen jardunaldiak. Proiektuko arduradun Unai Arellanok esan zuen moduan dena ezin baita hezkuntzaren bizkar utzi, eta normalizazioan beste eragile batzuk ere parte hartu beharra dute.
Bestalde, Nafarroa Oinezko igandeko ekitaldian Alfredo Alvaro Igoak, Guaixe Sakanako astekariaren izenean, Txikiak Handi manifestua sinatu zuen. Txikiak Handi manifestuaren sinadurarekin hauxe bilatu nahi da: hizkuntza gutxituen normalizazioaren aldeko babesa bulkatzeko pertsona zein erakundeen atxikimendua. Hala, hizkuntzekiko babesa, legaltasun osoa eta gizarteko alor orotan erabiltzeko eskubidea segurtatu ahal izateko.
Alvarok azaldu zuen Guaixe “komunikabide txiki bat” dela, “handien erronka berak dituenak. Horregatik, hedabide txiki asko Tokikom elkartean” bildu zirela azaldu zuen. Komunikabideek komunitatea sortzen dutela eta Guaixe fundazioaren proiektua babesten duten 1.500 sakandarrendako, udalendako eta Sakanako Mankomunitatearendako eta Nafarroako Gobernuarendako esker oneko hitzak izan zituen. Hizkuntza-ekologiaren aldarrikapena egin eta Maialen Lujanbioren oin ezaguna zuzendu zien Iortian bildutako guztiei: komunitatea egitea “euskaratik eta euskaraz”.