Edertutako balkoien lehiaketa antolatu du

Guaixe 2018ko urr. 25a, 11:44

ADEko kideek balkoiak edertzera deitu dute.

200 euroko saria jasoko du balkoi ederrenak. Lehiaketan parte hartzeko izena www.sakanakogida.eus web orrian eman behar da igandea baino lehen.

Altsasuko Dendari Elkarteak (ADE) balkoi lehiaketa antolatu du eta, haren bidez, Altsasu dekoratu eta edertu nahi du. Lehiaketaren gaia aterkia edo euritakoa da. ADEko arduradunek azaldu dutenez, “aurki euritakoa hartu eta udaberriko hainbat aste pasa arte ez dugu utziko. Herritarren eguneroko objektu bilakatuko da, erosketak egiteko beharrezkoa izanen dena”.

Izena www.sakanakogida.eus web orriaren edo ADEren Facebook profilaren bidez eman daiteke. Parte-hartzaileek ADE-ren logotipoa jaso eta elementu hori balkoiaren apainketan txertatu beharko dute. Lehiaketako epaimahaia balkoiak azaroaren 5etik 9ra aztertuko ditu. Saria ADEko kide diren establezimenduetan gastatzeko 200 euroko txartela izanen da.

Lehiaketa III. Altsasuko Merkataritza eta Ostalaritza Festa ospatzearekin batera despedituko da azaroaren 9an. Egun horretan aterkia gai duen performanceak hartuko du Altsasu. Euritakoak elementu artistiko bihurtuko dituzte. Gainera, performancea egiteko erabilitako aterkiak ADEko kide diren establezimenduetan bezeroen eskura izanen dira, behar dituztenean erabil ditzaten, gero bueltatu edo beste establezimendu batean uzteko, hala beste herritar batek erabiltzeko aukera izan dezan.