Arte Azoka erakusketa azoka bihurtuko da igandean

Guaixe 2018ko urr. 26a, 11:02

Arte Azoka erakusketa urriaren 19an mustu zuten eta Altsasuko ferietan azoka bihurtuko da. Sakanako artistak haien lanak salduko dituzte goizean zehar

Sakanako artisten erakusleiho bezala sortu zen Arte Azoka duela zazpi urte. Hortaz, erakusketa ez ezik, artisten lanak erosteko aukera dago ere. Gainera, igandean kalera aterako dira eta benetako arte azoka eginen dute. Goizean zehar izanen da, Iortia kultur gunearen erakusketa gelaren ondoan. Artebide elkarteak antolatu du Arte Azoka.

Ibarreko artistendako erakusketa garrantzitsua da Arte Azoka, Argine Berastegi artista arbizuarrak azaldu bezala: "urte batean izan ezik, beste guztietan artelanen bat saldu dut". Erakusketa azaroaren 6ra arte egonen da Iortiako kultur guneko erakusketa gelan. Erakusten den obraren bat eskuratu nahi izanez gero, erakusketa bukatu arte itxoin beharko dute. "Gainera, harremanak egiteko aukera ematen du erakusketak ere. Agian zure artelanaren bat gustatzen zaie eta beste bat egiteko eskatzen dizue".

Arte diziplina guztiak ikus daitezke Arte Azoka erakusketan: "denetarik dago, lan abstratuak, figuratiboak, argazkiak, eskultura, instalazioak". Helena Santano Artebide elkarteko kideak, esaterako, hizkuntza gutxietan inspiratutako eta oinarritutako instalazioa dauka erakusketan: "katalanieraz, asturianoz, galiziarrez eta euskaraz dago instalazioa".

Artista bakoitzak erabakitzen du zer erakutsi nahi duen, hortaz, artelan handi bat, hainbat txiki edo serie bat izan daiteke. "Nik aurten erakutsi gabe neukan lanak birziklatu ditut, baina badakit jendeak Azorako propio sortutako lanak egiten dituztela".

Igandean, urriaren 28an, "hainbat salmahai" jarriko dituzte eta artistak bertan egonen dira haien artelanak saltzen.