Errigorako kutxak eskatzeko garaia

Guaixe 2018ko urr. 25a, 19:48

Gaur hasi eta azaroaren 14ra arte hainbat tokitan eskatzeko aukera izanen da.

“Ez gaude hemen bakarrik. Badaukagu jende asko bultzada ematen”. “Errigora da arnasa hartzeko proiektua”. “Auzolanera sekulako ilusioarekin joaten gara. Gurasoendako oso inportantea da hor lan egitea, jende pilarekin egoten gara. Jende hori boluntario dator gu laguntzera. Guretako oso inportantea eta hunkigarria da”. “Bertako euskaldunendako eta euskara ikasi nahi dutenendako pizgarri bat da ikustea nahikoa ahaztua dagoen txoko hau hain ahaztua ez dagoela”. Erentzun (Viana), Ibaialde (Lodosa) eta Argia (Tutera) ikastoletako eta Erriberako AEK-ko arduradunek hitzak dira horiek guztiak. Ekonomiaz aparte, Errigora kanpainak haiendako duen esanahia laburbiltzen dute.

Izan ere, Nafarroako hegoaldeko euskalgintzak Errigoraren  #Euskararipuzka kanpainaren bidez azken bost urteetan babesa jaso du. Baita ekonomikoa ere: 800.000 euro. Poltsa horretatik jasotako diruarekin Erriberako AEK-k klaseen %75a baino gehiagora joandako ikasleendako beka sistema jarri du martxan jarri du ikasleen matrikula gastuak arintzeko. Hegoaldeko hiru ikastolek arnasa lasaiago hartu, konponketak egin eta azpiegiturak atondu dituzte. Eta Sortzenek euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen aldeko dinamikak hauspotzera bideratu du. Lege aldaketarekin D ereduan matrikulatzearen aldeko kanpainak egin dituzte eta dagoeneko 8 herrietan sortu dira euskarazko lerroak.

Eskaera garaia
Aurreko guztiak dira Errigoraren Nafar hegoaldeko puska, euskarari puzka kanpainaren onurak. Baina hori egin ahal izateko #Euskararipuzka kanpainan eskaera egin behar da. Erriberako 23 ekoizleren produktuak kutxa txurian (berritasunak eta produktu bereziak) eta beltzean (klasikoa) banatu dituzte. Oliba olioa, zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, ozpina, arroza, ardoa, melokotoi kontserba, potxak, pastak eta bestelakoak opatu daitezke kutxa horietan. Bakoitza 50 eurotan dago salgai eta irabaziaren laurdena Erriberako euskalgintzara bideratzen da.

Errigora kutxak eskatzeko epea gaur zabaldu eta azaroaren 14ra arte dago irekita. Sakanako ikastoletan, euskaltegian eta hainbat tabernatan eta dendatan egin daiteke eskaera. Kutxen banaketa azaroaren 29aren eta abenduaren 4aren artean eginen da. Orduan pagatu beharko da. Baina bitartean kutxak prestatzeko Ablitasko auzolanean parte hartu nahi dutenek azaroaren 9 eta 10 gorde beharko dute agendan.

Bestelako eraginak
Ekimenak balio izan du ere euskal jendartean elikadura-burujabetzaren ideia zabaltzeko. Izan ere, merkaturatze eta kontsumo-ohituretan eragin nahi du Errigorak eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzea. Nafarroako hegoaldeko ekoizleengandik jasotzen dira produktuak. Haietako batzuk ekologia-ekoizpenera hurbildu dira eta sail berriak lantzeko nekazariak eta ekoizleak harremanetan jarri dira. Hori guztia herrigintzatik eta auzolanean egin dute, udaberriko eta udazkeneko kanpainen bidez.

Non eskatu  
Herria Non
Irurtzun Iratxo elkartea
  Pikuxar euskal txokoa
   
Ihabar Elkartea
   
Irañeta Elkartea
   
Uharte Arakil Mendikoa
   
Arruazu Ostatua
   
Lakuntza Eskola
  Tania arrandegia
  Bittori janari-denda
   
Arbizu Eskola
   
Etxarri Aranatz Andra Mari ikastola
  Kaxeta liburu-denda
  Udaletxeko estalopean
   
Bakaiku Elkartea
   
Iturmendi Elkartea
   
Urdiain Mareo
   
Altsasu Itsasi euskaltegia
  Iñigo Aritza ikastola
  Txioka haur ikastola
  Portuko okindegia
  Biltoki taberna
   
Olatzagutia Eskola
  Barandi taberna
   
Ziordia Etxaleku taberna