Boxeo eta K-1 gaua gaur Altsasun

Guaixe 2018ko urr. 26a, 12:59

Nafarroako eta Kataluniako borrokalarien arteko jardunaldia hartuko du gaur Altsasuko Burunda pilotalekuak, 20:00etatik aurrera. Borrokalarien artean dago Xuban altsasuarra

Nafarroako Kickboxing eta Boxeo Federazioak antolatuta, Altsasuko Burunda pilotalekuak ring itxura hartuko du gaur, boxeo eta K-1 gaua izango baita gaurkoa. 20:00etan hasiko da jaialdia eta Nafarroako eta Kataluniako borrokalarien arteko boxeo eta K-1 norgehiagokaz gozatzeko aukera izango dute Burundara hurbilduko diren zaleek. Sarrerak aurretik daude salgai (harmaila 12 euro, aulkia 15 euro) eta egunean bertan ere txarteldegia zabalduko dute.

Boxeoa kirol ezagunagoa da. Aldiz, K-1 borroka kirola edo kirol diziplina da. 1993 urtean Kazuyoshi Ishiik sortu zuen, Tokion. K-1 kirolak kickboxinga eta beste kirol eta arte martzialetatik datozen teknikak –Muay Thai, karate, taekwondo, kickboxing, savate, boxeoa eta beste– uztartzen ditu.

Gaur Altsasun ariko diren borrokalarien artean altsasuar bat dago, Xuban. Berak eta Johan Zanoziainek egingo duten erakustaldiaz gain, borrokalari nafar eta katalanen arteko borrokaldiak izango dira Altsasun: Joseba Diazek Marc Fernandez izango du aurkari, Dani Mateosek Edgar Teixeira, Oixin Kennedyk Unai Leiva, Jorge Pueyok Ferran Alcina, Izan Ibirikuk Aitor Lopez eta Mousinek Victor Lecea. 

Igandean taekwondo erakustaldia
Bargagain Taekwondo klubak taekwondo erakustaldia eginen du Altsasuko ferietan, igandean, 18:30ean. Eguraldiak uzten badu Iortia kultur guneko zabalgunean izanen da ekitaldia, baina eguraldi txarra izanez gero, Burunda pilotalekuan.