Onddo lasterketarako prest?

Guaixe 2018ko urr. 26a, 14:29

Altsasuko ferietan, bihar, 11:00etan 39.Eskolarteko Krosa, 11:30ean Oinezko Onddo Martxa eta 12:00etan Onddo Lasterketa jokatuko dira. Izena ematea zabalik dago

Altsasuko Feriei lotuta dago Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak hainbat babesleren laguntzarekin antolatzen duen Onddo Lasterketa. Udazkenean onddoak jaiotzen diren Altsasuko paraje zoragarrietan barna korrika egitera edo oinezko paseoa ematera gonbidatzen gaituzte, urtero, Dantzalekukoek. Zita bihar izanen da, larunbatean. Hasteko, goizeko 11:00etan neska-mutikoen lasterketak izanen dira Foruen Plazan, 39. Eskolarteko Krosa hain zuzen ere. Ondoren, 11:30ean, Oinezko Onddo Martxan parte hartuko dutenak aterako dira paseoa egitera eta 12:00etan abiatuko da helduen Onddo Lasterketa (6,5 km).

Jakina denez, proba ez lehiakorrak dira hirurak, antolakuntzak ez ditu denborak hartzen ez sailkapenik egiten.  Atletismoa eta kirola sustatuz goiza ederra pasatzea da helburua, onddoak ateratzen diren parajeetan, lagunartean eta inolako lehiakortasunik gabe goiza bikaina pasatzea.

Izena ematea zabalik
Dagoeneko jende askok eman du izena www.dantzalekusakana.com web gunean, baina egunean ere izena eman ahalko da Gure Etxean edo Foru Plazan, 10:00etatik aurrera, eta dortsala jasotzerakoan 5 euro ordainduko dira. Jasotakoa Dantzaleku Sakana klubarendako izanen da.

Txikienak goiztiarrenak, 11:00etan
Hasieran kategoria txikikoen lasterketak jokatuko dira, 11:00etan, Altsasuko plazan. Zehazki, 39. Eskolarteko Krosa izanen da jokoan egongo dena. Lasterketa hau orduko Altsasuko lau ikastetxeetako –Iñigo Aritza, Zelandi, Korazonistak eta Mojak– neska-mutikoengan atletismoa sustatzeko antolatzen hasi zen Dantzaleku Sakana. Bukaeran indarrak berreskuratzeko aukera izango dute korrikalari gazteenek.

Oparia eta 3 onddo saski
Ondoren, 11:30ean, oinezko onddo martxan parte hartuko dutenak abiatuko dira eta 12:00etan onddo lasterketakoak. “Ibilbidea betikoa izango da, 6,5 km-koa. Oinezkoak eta korrikalariak eremu beretan ariko dira, baina ibilbide ezberdina egingo dute, elkarren artean traba ez egiteko. Plazatik, basoitxitik, San Pedrotik… onddo artean bikain ibiliko gara” aipatu dute Dantzaleku Sakana klubekoek. Onddoak ez daudela, hori da aurtengo kezka, baina Dantzalekukoek ziurtatu digute eurek 3 onddo saski zozketatuko dituztela korrikalarien artean, proba bukatuta.

Korrikaren eta oinezkoen festa honetan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek. “Aurreko urtean 369 helduk parte hartu zuten oinezkoan eta korrikan eta 59 neska-mutikok Eskolarteko Krosean. Beraz, 428 lagun guztira. Ea aurten beste horrenbeste animatzen garen” adierazi dute Dantzalekutik. Parte-hartzea eguraldiaren araberakoa izango da, nolanahi ere. Badirudi larunbatetik aurrera eguraldia okertuko dela, baina ea goizean aguantatzen duen.