Onddo lasterketa bustia

Guaixe 2018ko urr. 31a, 12:36

167 parte-hartzaile izan zituen, guztira, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatutako 39. Eskolarteko Krosak, Oinezko Onddo Martxak eta Onddo Lasterketak

Eguraldiak ez zuen batere lagundu, baina hala ere guztira 167 partaide animatu ziren Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak hainbat babesleren laguntzarekin Altsasuko ferietako larunbat goizean antolatutako 39. Eskolarteko Krosean eta Onddo Lasterketan parte hartzera. Horietatik 31 kategoria txikiko lasterketetan aritu ziren, 50 Oinezko Onddo Martxan, eta gainontzeko 86ak Onddo Lasterketan. Aurreko urtean guztira 428 partaide izan zituen probak, baina eguraldi kaxkarraren eraginez aurten parte-hartzea erdia baino gehiago jaitsi zen.

Onddo lasterketa eta Eskolarteko Krosa proba ez lehiakorrak dira; atletismoa eta kirola sustatuz goiza ederra pasatzea da helburua, onddoak ateratzen diren paraje zoragarrietan, lagunartean eta inolako lehiakortasunik gabe goiza bikaina pasatzea. Horrela, antolakuntzak ez ditu denborak hartzen ezta sailkapenik egiten.

Goiztiarrenak txikienak izan ziren. Goizeko 11:00etan ekin zioten 39. Eskolarteko Krosari Altsasuko Foru Plazaren inguruetan; aurrebenjaminetan, benjaminetan, kimuetan eta haurren lasterketetan, guztira 31 neska-mutiko aritu ziren korrika. Zuku goxoa eta mokadutxoa zuten zain bukaeran. Segidan, 11:30ean, Oinezkoen Onddo Martxan parte hartu zuten 50 oinezkoak abiatu ziren, eta ordu erdi beranduago, 12:00etan, Onddo Lasterketa osatu zuten 86 korrikalariak. Oinezkoak eta korrikalariak eremu beretan aritu ziren, baina ibilbide ezberdina egin zuten, elkarren artean traba ez egiteko. Plazatik aterata, Basoitxi, San Pedro eta beste hainbat txokotik ibili ziren, onddo artean.

Josefina Arregiri laguntza
Oinezkoen martxan eta Onddo lasterketan parte hartu zutenek 5 euro ordaindu zituzten izena ematearen truke. Dantzaleku Sakanatik adierazi digute sarrerako 5 euro horietatik 2 Josefina Arregi Klinikara bideratu zituztela, klinika laguntzeko.

3 onddo saski
Bukaeran parte-hartzaileen artean 3 onddo saski zozketatu zituen Dantzaleku Sakanak, eta Orkoiengo Mikel Gurpegi, Altsasuko Marina Arévalo eta Etxarri Aranazko Edurne Razkin izan ziren onddo saskiarekin etxera poz-pozik joan zirenak. Eta aipatzekoa da ere aurten, nobedade moduan, kamiseta beharrean, izena eman zutenek erosketak egiteko poltsa bat jaso zutela, txiki-txiki biltzen diren horietakoa.