“Elkarbizitzaren aldeko konpromisoaren ikuspegitik, Nafarroako Gobernuak proportzionaltasuna eta erantzukizuna eskatu du eragile politikoen baieztapen eta ekintzetan, eta askatasunaren defentsa, pluraltasuna eta zintzotasuna ezaugarri dituen Nafarroako herriarekiko errespetua” aldarrikatu du.
Horrekin batera, “proportzionaltasuna harreman-esparru desberdinetako ezinbesteko osagaitzat aldarrikatzearen aldeko jarreratik abiatuta, harreman politikoak ere barne hartuz, Nafarroako Gobernuak, Altsasuren eta hedaduraz Nafarroaren erabilera okerra errefusatu eta salatu nahi du, gainditu beharreko arerioaren irudia berreskuratu eta behin-betiko baztertu beharko genituzkeen iraganeko muturreko jarreretara bultzatzen gaituzten diskurtsoetan”.
Foru gobernutik gogorarazi dutenez, “Altsasuko historia ez da hasten edo eteten 2016ko lastailaren 15ean. Gobernu honek ez du data hori baztertu proportzionaltasunaren aldeko aldarrikapenean, baina ez du inola ere onartu Altsasuko izaeraren argazki finkoa denik”. Aldi berean, gogorarazi duenez, Altsasu “desberdinen arteko elkarbizitzaren herria izan da historikoki. Garraiobideen arteko lotura-gunea izanik eta industrian nahiz trenbide arloan izandako hazkundea dela bide, pluraltasuna eta aniztasuna herriaren bereizgarri bilakatu dira”.
Bestetik, Nafarroako Gobernutik nabarmendu dutenez, Altsasu “gizarte guztiz ekintzailea da”. Finantzek eragindako krisiak gogor jo ondoren, “aurre egitean frogatu du, elkarbizitzan oinarrituta aurrera atera diren etorkizunerako alternatibak eraikiz”. Aldi berean, altsasuarren “konpromiso sozialaren balioa eredugarria” dela nabarmendu dute gobernutik, “ez bakarrik izaera sozialeko proiektuetan, baita gaixotasun mentalen arretan eta bestelako esparruetan erreferente bihurtu diren proiektuetan ere”. Errege Egunean elurretan harrapatutako bidaiariei altsasuarrek emandako laguntza ere nabarmendu dute foru agintariek.