Sakanako Futbol Topaketak Dantzalekun hasiko dira, igandean

Guaixe 2018ko urr. 31a, 14:51

Kimuen Futbol 8 Topaketak goizeko 10:00etan hasiko dira, Dantzalekun, Benjaminen Futbol 8 Topaketak 12:00etan

Igandean hasiko dira Sakanako Futbol Topaketak. Sakanako Mankomunitateak antolatzen ditu, Sakanako futbol klub eta taldeen laguntzarekin. Futbola sustatzea da helburua, eta txikienei txapelketa batean parte-hartzea ahalbideratu nahi zaie, baina ez da txapelketa lehiakorra eta, horregatik, ez da sailkapenik egiten. Sakanako beste herrietako neska-mutikoekin futbolean arituz ongi pasatzea da asmoa, euren arteko harremana sustatzea. Topaketetan futbolean eta areto futbolean ariko dira gaztetxoak, eta partidak Altsasun, Urdiainen, Etxarri Aranatzen, Olaztin, Uharte Arakilen eta Ziordian jokatuko dira.

Benjaminetan 8 talde eta kimuetan 6
Benjaminen mailako Sakanako Futbol Topaketetan 8 talde ariko dira: Olaztiko Sutegi, Altsasu A, Altsasu B, Altsasu C, Urdiain, Etxarri Aranatz 1, Etxarri Aranatz A eta Aralar Mendi. Aldiz, Kimuen mailako Sakanako Futbol Topaketetan 6 talde ariko dira: Altsasuko Tipi Tapa, Urdiain, Etxarri Aranatz 1, Etxarri Aranatz A, Lagun Artea 07 eta Lagun Artea 08. Areto futbolean aritzen direnean klub bereko talde gehiago gehituko dira, Betelurekin batera.

Sakanako Futbol Topaketak. 1. jardunaldia
Igandean, Dantzalekun
Kimuak:
10:00    Etxarri Aranatz 1 / Tipi Tapa
11:00    Etxarri Aranatz A / Urdiain
11:00    Lagun Artea 08 / Lagun Artea 07

Benjaminak:

12:00    Etxarri Aranatz 1 / Aralar Mendi
12:00    Etxarri Aranatz A / Sutegi
13:00    Urdiain / Altsasu C
13:00     Altsasu A / Altsasu B