Altsasu: emakumeen futbol taldeak sendotzen

Guaixe 2018ko aza. 1a, 15:54
Argazkietan, erregional mailako taldea eta Futbol 8 mailakoa.

Emazkumezkoen erregional mailako taldea 18 talderen artean 9.a da sailkapenean eta Futbol 8 mailan dabilen taldeak gogotsu ekin dio denboraldiari

Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) emakumezkoen futboleko bi talde ditu. Lehen taldea Emakumezkoen Erregional mailan aritzen da, eta bigarrena Nafar Kirol Jolasetako Emakumezkoen Futbol 8 Txapelketako 2. multzoan. SDA-ko futbol koordinatzaile eta aldi berean Altsasu emakumezkoen erregional mailako entrenatzailea den Alfonso Castellanok adierazi digunez, “emakumezkoen futbola gora doa eta hazkuntza ez da gelditzen. Horregatik oso kontentu gaude eta emakumezkoen futbola sustatzen jarraituko dugu SDA klubetik. Egun emakume futbolari sakandarren erreferente gara eta futbolean aritu nahi duten emakume guztiak ongi etorriak dira gurean” adierazi digu Altsasuko futbol koordinatzaileak.

Gogotsu eta lehiaketako gosearekin
Emakumezkoen Erregional mailan 18 talde aritzen dira eta tartean dago Altsasu. Osasuna B, Mulier B, Orkoiengo Kirol Sport eta Barañaingo Lagunak dira, akaso, koxka bat gorago dauden taldeak, eta gainontzeko taldeak antzeko mailan daudela aipatu du Castellanok. “Aurreko urtean mailari tamaina hartzen ibili ginen eta aurten hobe ari gara. Iazko bloke guztia mantendu dugu eta soilik jokalari bat, Maialen Ijurra da berria. 24 jokalari entrenatzen ditugu Ane Canterok eta biok. Aurten,  taldeari beste jarrera bat ikusten diot, zelaian hobe ari da eta lehiaketako gosea du” nabarmendu du euren entrenatzaileak. Horren erakusle, erregionalari ongi ekin dio Altsasuk. 8 jardunaldi jokatuta, 3 partida irabazi ditu, bat berdindu eta 4 galdu. Osasuna da liderra (24 puntu) eta Altsasu 10.a da (10 puntu), 18 talderen artean.

Nafar Kirol Jolasetako Emakumezkoen Futbol 8 taldean 13 jokalari dabiltza. “Futbolari gehiago beharko genituzke, taldea sendo egoteko. Oso animatuak dira eta gogo askorekin entrenatzen dute. June Leza eta Irati Igoa dira entrenatzaileak eta kontentu daude. Aurreko urtean euren adina baino askoz gehiago zuten nesken kontra ibiltzea tokatu zitzaien, baina aurten erregionalaren eta Futbol 8 mailen artean kategoria berria sortu dutenez, Emakumezkoen Kadete-Haur maila, euren adinen kontrako nesken kontra ariko dira eta hobe ibiliko dira” aipatu digu Castellanok. Altsasurekin batera, Lagunak, Amaya, Mulier, Peña Sport eta Burlades lehiatuko dira Nafar Kirol Jolasen. Emakumezkoen Futbol 8ko 2. multzoan.

Kadeteen-haurren taldea sortu nahiko lukete
Emakumezkoen taldeak sendotu eta harrobia sortzea, hori da SDA-ren helburua. “Egun ditugun emakumezkoen bi taldeak indartu nahi ditugu, harrobia sustatu eta, posible balitz, bi kategorien artean sortu duten kategoria berri horretarako, Emakumezkoen Kadete-Haur mailarako talde berria sortu nahiko genuke, Altsasu klubaren hirugarren emakumezkoen taldea izango liratekeena. Horrela, Futbol 8 kategoriatik kadete eta haur mailako taldera pasako lirateke gure futbolariak, behar bezala trebatu eta Erregionalera berme guztiekin pasatzeko” ondorioztatu du Castellanok.


Altsasu. Emakumezkoen erregionala 18/19
Atezainak: Izaskun Ruiz de Egino, Maider Granizo eta Zaida Martinez
Atzelariak: Maalen Beraza, Saioa Sayas, Maite Sanchez, Maialen Ijurra, Nerea Arellano, Janire Lopez, Garazi Martinez eta June Leza.
Erdilariak: Amets Oteiza, Ainhoa Agirre, Udane Vergara, Ane Lizarraga, Sandra Gasco, Sonia Alonso, Aintzira Arretxe, June Alzelai eta Beatriz Teixeira.
Aurrelariak: Alicia Elizalde, Ekiñe Razkin, June Garcia de Albeniz, Maddi Mariñelarena, Jone Grados
Entrenatzaileak: Alfonso Castellano eta Ane Cantero