Garcia de Eulate bere adin tartean hamargarrena Ibizako Triatloian

Guaixe 2018ko aza. 1a, 12:43

Eguraldi kaxkarragatik ibilbidea moztu egin behar izan zuen antolakuntzak eta horrek triatloilari altsasuarra kaltetu zuen. Hala ere, bere adin tartean, 35-39 urte, 10.a sailkatu zen

Larunbatean Europako Txapelketarako eta Espainiako Triatloi Koparako baliagarria den distantzia erdiko triatloi proba jokatu zen Ibizan (1,9 km igerian, 90 km bizikletan eta 21 km korrikan). Bertan lehiatu zen Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate Maya. Eguraldia oso kaxkarra izan zen, eta ekaitzen ondorioz zenbait errepide urez gainezka geratu ziren. Horrela, bizikleta sektoreko 90 km-ak 45era murriztu behar izan zituen antolakuntzak, eta horrek triatleta altsasuarra kaltetu zuen, hori baita bere espezialitateetako bat.

Nolanahi ere, oso ongi aritu zen Garcia de Eulate. Proban parte hartu zuten 526 triatleten artean  174.a sailkatu zen (3:22:58), bere adin tartean, 35-39 urteen artean, 10.a.

Espainiako Triatloi Federazioak azaldu du denbora guztiak ongi errebisatu behar dituela Espainiako Triatloi Kopako behin betiko sailkapena emateko. Sailkapen horretan bere adin tartean aurreneko postuetan zegoen Garcia de Eulate. Ea, azkenean, zein postutan sailkatzen den.