CBASK-ek ekin dio Autonomia Arteko 2. Mailako Ligari

Guaixe 2018ko aza. 1a, 13:51
CBASK, aurreko denboraldian Final Fourra irabazi zuenean. Artxiboa.

Lau jardunaldi jokatuta, sailkapenean laugarrenak dira altsasuarrak

CBASK Altsasuko Saskibaloi Taldeak lorpen handia lortu zuen aurreko denboraldian. Nafarroako Senio Gizonezkoen 1. Maila Autonomikoko Final Fourra jokatzeko sailkatu zen talde altsasuarra, liga erregularrean soilik partida bakarra galdu eta gero. Ligako titulua nork irabaziko zuen Zelandi kiroldegian erabaki zen eta Final Four ikusgarrian azkenean talde faboritoa gailendu zen: CBASK. Final ikusgarrian 65 eta 46 irabazi zieten altsasuarrek Oberena taldekoei. Horrela, liga irabazteaz gain, Nafarroako eta Errioxako taldeek osatzen duten Autonomien Arteko 2. Mailako Ligara igotzea lortu zuen CBASK-ek.

Autonomien Arteko 2. Mailako Ligako lau jardunaldi jokatu ditu dagoeneko CBASK-ek. Jokatutako lau partidetatik bi irabazi eta beste bi galdu ditu. Larunbatean, esaterako, etxean jokatutako partidan CBASK-ek 80 eta 78 hartu zuen menpean Errioxako CB Cenicero La Alcoholera taldea. CB Sanignacio Rioja da liderra (7 puntu) eta CBASK laugarrena da (6 puntu). Larunbatean, hain zuzen ere, Sanignacio Rioja liderra hartuko du CBASKek Zelandi kiroldegian, 18:00etan. Puntuak biltzeko eta sailkapenean gora egiteko aukera ederra da hau altsasuarrendako.

Nafarroako seniorren maila autonomikoa
Nafarroako Senior Gizonezkoen 1. Maila Autonomikoan aurten dabilen CBASK taldeak, aldiz, ez du denboraldia ongi hasi. Lau jardunaldi jokatu dira eta CBASK-ek ez du partidarik irabazi. Ostiralean, Oberenak 85 eta 60 irabazi zion CBASK taldeari. Basket Navarra da liderra (8 puntu) eta CBASK azkena da, 14.a (4 puntu). Larunbatean, 16:00etan, CBASK taldeak CBSA El Navarrico taldea hartuko du Zelandin.