Altsasuko auziari eta herriko gazteen espetxeratzeari buruz asko esan da. Baina Joseba Salegi zinemagileak gazteen bertsioa gutxitan azaldu dela esan du. Hortaz, en el Laberinto de los Dioses film laburrean gertatukoaren "gertu" egon daitekeen kontakizuna egin du. Altsasuko Arte Azokan mustu zuen eta azaroaren 6ra arte ikus daiteke Iortia kultur gunean.
En el Labertino de los Dioses film laburra egin duzu. Zergatik?
Proiektu honekin duela urte bat baino gehiago hasi nintzen. Atxilotutako gazteen ama batek esan zidan herriko artistek elkartasun moduan zerbait egin behar genuela eta ideia horri buelta asko eman nizkion. Hasieran testu literario bat egin nuen gertakarien narrazioa egiteko, gertatutakoa hobe transmititzeko, urte bat behar izan dut. Greziako kontzeptura iritsi nintzen. Arte Azokaren harira Helena Santano artistak esan zidan zerbait prestatzeko, eta denborarik ez dudanez, testua ikus-entzunezkoa bihurtzea erabaki nuen. Ariketa literario bat egin dut, film laburra bihurtu dudana.
Zu zara egilea eta aktorea.
Aktore gazteak bilatu nituen, baina lotsa ematen zien. Konturatu nintzen aktore berak bi pertsonaiak egiten bazituen kontzeptu literarioa askoz gehiago azaleratzen zela. Aktoreak kontratatzeko aukerarik ez nuenez, nik eginen nuela erabaki nuen. Gainera, idazten dudanean ohar asko jartzen ditut aktoreak non eta nola jarri behar den adierazteko. Nik egiten dudanez banekien zer adierazi nahi nuen une bakoitzean, hau da, testua oso barneratuta neuenez, banekien zer azaleratu nahi nuen. Testuak, beraz, garrantzia hartzen du. Esaterako, momotxorroak esaten duenean: "zer gorroto? Zurea edo nirea? Nork neurtzen du gorroto hori?". Nik badakit nola esan behar den hori. Hori bai, oso aktore txarra naiz. Orain arte gauza txikiak egin ditut. Baina kontatzeko behar hori baneukan.
Altsasuri buruz asko esan da. Zertan desberdintzen da film laburra?
Niretako kontakizun guztietan gazteen kontaketa falta da. Ez dakigu gau horretan zer gertatu zen gazteen begiradatik. Ez dut esan nahi nik film laburrean esaten dudana egia dela, ez nintzelako han egon. Hurrengo egunean egon nintzen ni, aurreko gauean konfrontazio bat izan zela esan zutenean. Beraz, irudikatu dezaket gertaerak horrela izan zirela. Kontakizun hau gazteen kontaketaren gerturatze bat dela esan dezakegu. Hau ez da egi osoa izanen, baina gertatukoaz gertuago dagoela uste dut.
Antzinako Grezian oinarritu zara. Zergatik?
Gure kultura nagusiaren oinarria delako eta oraindik jokatzen dugulako Greziako tragediaren baldintzen arabera. Greziako kulturaz hitz egitean aurreiritzi guztiak joaten dira: gerlaria gerlaria da eta momotxorroa momotxorroa. Ez dago besterik. Mezua argia da.
Tragedia jakin batean oinarritu zara?
Ez. Kultura barruraino sartu zaigu; Graziako kultura barneratuta dugu. Concha Rodriguez Rozaren laguntza izan dut antzinako Greziari buruz hitz egiteko, gehien bat terminologiarekin laguntzeko. Esaterako, metropolis jarri behar nuen, eta esan zidan Altsasu gehienez polis bat dela. Hortaz, polis herria da.
Metafora bat da.
Ez nuen nahi Altsasu hitza agertzea. Inplizituki agertzen da bakarrik. Gertaeren kontakizuna ere ez da egiten. Oso kontzeptuala da. Esaterako, jainko faltsuak hedabideak eta Covite dira eta polis-aren kontrako gorrotoa hedatzen dute. Herri osoa gorrotoa da. Polisa, beraz, jainkoen labirintoan barnean gelditu da ere. Hau da, gure kontra esan dena kondenatu egin gaitu. Film laburra ikusi duen jendeak bitan ikusi behar izan du, eta ikusi ondoren jendea isilik gelditzen da. Pentsaraztea eragiten duelako. Bakoitzak modu batera ulertuko du.
Bi pertsonaia agertzen dira.
Bi pertsonaia aurrez aurre jarri behar nituen. Eta Altsasun momotxorroa dugu. Momotxorroak gaztetasuna eta indarra islatzen du. Beraz, Greziako gerlaria ezkerretan dago eta momotxorroa eskuinean. Biek elkarrizketa sutsua dute. Gerlariak agintzen du elkarrizketan, eta momotxorroa defendatzen da. Gainera, Jainkoen labirintoan, kartzelan, bizitzea tokatu zaion egoera tragikoa onartu behar du ere. Jainkoak aiptzen dira ere, baina bi pertsonaia agertzen dira bakarrik. Hitzen bidez aipatzen dira besteka. Plano berdinean grabatuta dago. Fondoa beltza da eta elastiko beltz bat daramat jantzita.
Testu literario moduan sortu zenuen eta film laburra egin duzu orain. Proiektuarekin jarraitzeko asmoa duzu?
Ez. Zinematografikoki puntu oso on batera iritsi naiz. Oso pozik nago egindako lanarekin. Gurasoen bermea bilatu dut, eta nik protagonismoa ez izatea. Azkenean nik egin behar izan dut dena bakardade erlatibo batean. Izan ere, laguntza izan dut. Esaterako, Lakuntzako kultur etxean egin genuen grabazioa eta oso eskertua nago. Orain, youtuben plazaratuko dut lana eta zinema jaialdietara aurkeztea nahi dut. Nazioartekoak badira, hobe, gure gazteen istorioa jakin behar delako.