Plataforma Cuidadanaren igandeko ekitaldia dela eta, Partido Popularra, Ciudadanos eta Vox alderdietako ordezkariak etorriko direla iragarri dute. Bisita horrekin bat ez datorren Altsasu faxismoaren kontra herri plataformak adierazi duenez, plazako ekitaldiko parte-hartzaileak “herriko plazara etorri eta sinbolo bilakatu nahi gaituzte, zapalkuntzaren sinbolo”. Eta ukatu egin dute hiru alderdiek “askatasuna defendatzera” etorriko direnik. Eta hirukoak defendatzen dituen hainbat “askatasun” zerrendatu dituzte: “gu espetxeratzea, soldata miserableak mantentzea, aborturako eskubidea ukatzea, gu erreprimitzea, errefuxiatuak mugan egurtu eta migrazioak eragiten dituzten armak hara eta hona esportatzea… Ez dute inor engainatzen, autoritarismo berri bat aldarrikatzera datozen faxistak dira. Gure plazara etorri eta gure espazioak bereganatu nahi dutenak”.
Horregatik, Euskal Herri osoko herri mugimenduei eragile eta norbanakoei igandean Altsasura joateko deia egin diete. “Mugimendu antifaxistari, feministari, euskaltzaleari, internazionalistari, arrazismoaren kontrakoari, errepresioaren kontrakoari, ikasle mugimenduari, gune autogestionatuei… Zuen aldarriak Altsasura ekarri, hamaika frontetatik faxismoaren aurka egiteko. Ekarri aldarriak, pankartak, txarangak, bafleak…” Gainera, “kaleak betetzeko gogoak” ekartzeko eskatu dute, “Altsasu betetzeko, gure kaleak gure eginez”.
Altsasu faxismoaren kontra herri plataformatik ere oharra zabaldu dute: hori guztia “konfrontazio fisikoa ekidinez” eginen dute. Haien asmoa zein den argi azaldu dute: “plazaren inguruan ibiliko gara musika eta aldarriz beteriko giroarekin, faxistei hemen ongietorriak ez direla argi utziz. Errepresio-indar zein faxisten probokazioetan erori gabe, espaziorik ez diegu utziko gure herrian eroso sentitzeko”.