Euskaraldian parte-hartzera animatu du udalak

Guaixe 2018ko aza. 3a, 10:51

Altsasuko Udalak asteazkenean egin zuen bozketetako bat.

Altsasuarrak euskararen erabilera handitzeko ariketan izen ematera gonbidatu ditu.

Euskaraz dakitenak euskaraz hizketan jarri nahi ditu Euskaraldiak. Baina horrekin batera, eta hori bezain garrantzitsua da euskara ulertzen dutenak ere aktibatu nahi dituela. Haien aldeko jarrerarekin elkarrizketak parez-pare eginen direlako, batek euskaraz eta besteak nahi duen hizkuntzan, elkarrizketa elebidunak sortuz.

Euskaraldiaren asmoa hori da eta Altsasuko Udalak atxikimendua azaldu zion atzoko bilkuran. Altsasuarrei ekimenean parte hartzeko deialdia egitearekin batera erabaki zuen  www.altsasu.eus web orrian Euskaraldiaren berri ematea, udaletxeko balkoi batean Ahobizi eta Belarriprest izanen diren pertsonak identifikatzeko balioko duten ikonoak jartzea (ahoa eta belarria), udaleko langileei Euskaraldiaren berri ematea, kultur gunean film bat eman aurretik Euskaraldiaren iragarkia jar dezala. Gainera, Euskara Batzordean bestelako neurriak hartzea aztertuko dute aurki.  Altsasuko Euskaraldia taldeak aurkeztutako proposamenaren alde Geroa Baik, EH Bilduk, PSNk eta Goazen Altsasuk egin zuten. UPN abstenitu egin zen.