Sakanako Sortuk “izaera neofrankista duten alderdi batzuk Altsasuren kontra sortu duten kanpainaren aurrean” larunbatean, 17:30ean, eginen den manifestazioan eta igandean, 10:00etatik aurrera, kultur gune parean izanen den “eskubideen eta askatasunen gunean” parte hartzera deitu ditu euskal herritarrak. Ezker abertzaleko alderditik ziurtatu dutenez, “izaera homofoboa, sexista, matxista eta klasista duten hiru alderdik antolatu duten antzerki probokatzaileak herrian ez du inongo babesik”. Eta gaineratu dutenez, “Guardia Civila eta autobusez kanpotik ekarriko dituztenetik harago, mina eragin eta umiliatu nahi duen ekimena inork ez du begi onez ikusten. Sufrimendua areagotu nahi izatea gaixo diren mentalitateen ikuspegitik uler daiteke soilik”.
Ezker abertzaleko alderdiak “irmoki” salatu du “Riverak, Abascalek, Casadok eta Guardia Civilak Altsasuko eta Nafarroako bizikidetza erasotu nahi izatea. Aski da Ebrotik behera boto eskukada bat lortu nahi izateagatik gatazka eta krispazioa sortzen jarraitzeaz”. Eta Jon Idigorasen hitzak gogora ekarri ditu: “atera itzazue zuen esku zikinak Euskal Herritik”.
Sakanako Sortutik gogorarazi dute ibarrak “hamarkadak” daramatzala “erregimenaren indarren jazarpena pairatzen. Sakandarrek kriminalizazio saio iraunkorra jasan dute: intsumisioa babesteagatik alkateak desgaituak izan dira; ikurriña altxatzeagatik mehatxuak eta isunak jaso dituzte hainbat udaletxek; indar para-polizialek herritarrak bahitu dituzte; ehunka lagun atxilotu, espetxeratu, torturatu eta erail egin dituzte bere pentsamolde politikoagatik...” Egiteko horietan guztietan Guardia Civilak “ezinbesteko papera jokatu” duela nabarmendu dute. “Gorputz militar honek Euskal Herriaren askatasunaren alde jardun diren herritarrak beldurtu, kontrolatu eta zanpatu ditu. Uneoro, indarrez inposatu nahi izan dute Espainiaren batasuna”.