Plataforma hori Albert Riverak aurkeztu zuen Madrilen maiatzaren 20an. Ciudadanos alderdiko buruak herritar guztiak plataforman parte hartzera deitu zituen, “espainiar izateaz berriro harro egoteko” eta “gure herriak galdutako itzala berreskuratzeko”. Riverak lastailaren 18an jakinarazi zuen España Ciudadanaren hurrengo ekitaldia Altsasun izanen zela. Esan zuenez, “Altsasu espazio sinbolikoa da. Han, inoiz baino gehiago, zerbitzari publikoen askatasuna eta haiekiko errespetua defendatu behar da”. Hala, Altsasuko auziari erreferentzia egin zion.
Aldi berean, Espainiako Konstituziotik 4. xehedapen gehigarria kentzea aldarrikatuko du, Nafarroa eta Euskadi bat egiteko aukera ematen duena. Plataformaren iritziz, xehedapen hori “Nafarroarendako arazoa da. Nafarroa bere orainari eta etorkizunari buruzko etengabeko ziurgabetasunean bizi da. Beste inolako erkidegok ez duen prozeduraren bidez Euskadira anexionatu daiteke. Justifika ezin den subordinazio egoeran uzten du Nafarroa”. Horixe jasotzen da plataformaren dekalogoan. 10 neurri “herritar libre eta berdinen aldeko Espainia” lortu nahi duena. Deialdi horrekin Ciudadanosez aparte, Partido Popularrak eta Voxek bat egin dute. Fernando Savater Altsasun etzi izanen dela iragarri dute.
Etzi Altsasun izanen diren hiru alderdietako batek ere ez du ordezkaritzarik Altsasuko Udalean. Popularrek hautagaitza aurkeztu zuten eta 5.768ko erroldatik 150 boto jaso zituzten. Foru hauteskundeetan popularrek 160 altsasuarren babesa jaso zuten eta laranjek 47 boto. 2016Ko lastailaren 15eko liskarra eta gero, hiru alderdietako ordezkariak aurretik Altsasuko Guardia Civilaren kuartelean izan dira.
Alderdien erreakzioak
UPNk ez du igandearen deialdiarekin bat egin. Erregionalisten presidente Javier Esparzak esan zuen haiek ez direla ekitaldira joanen “UPN urteko egun guztietan Altsasun dagoelako. Altsasuar gehienak aldamenekoak errespetatzen dituzte, haiek bezala pentsatzen ez dutenak, baina gutxiengo erradikal amorratua dago, Espainia ordezkatzen duen guztia gorroto duena”.
Nafarroako Parlamentuan ordezkapena duten alderdi gehienak ere ez dute begi onez ikusi deialdia. Geroa Baiko Koldo Martinezek esan zuenez, “ez dugu sinesten Guardia Civilari elkartasuna adieraztera etorriko direnik. Bi urte pasa dira, berandu heldu den elkartasuna da. Helburua krispazioa sustatzea da, Espainiaren batasuna defendatzeko Altsasu sinbolo gisa erabiltzea”. EH Bilduko Adolfo Araizen iritziz zenbait alderdi “Altsasu menperatzen segitu nahi dute, hala tentsio eta krispazio giroa sortu”. Ahal Dugu-Orain Baiko Carlos Cousok kezka azaldu du: “Altsasu erasotzen segitzen du izugarri handitu diren gertakariengatik, horiek erabilera politikorako-haztegia dira”. PSNko buru Maria Chiviteren ustez “deialdiak ez du elkarbizitzaren eta elkarrizketaren alde egiten. Sutara egurra botatzea da eta horrekin ez du inork irabazten”. I-Eko “zenbait alderdik Altsasuren eta bere gazteen erabilera” salatu eta herriak “modu baketsuan erantzuten jakinen duela” ziur agertu da.