España Ciudadanaren ekitaldiak utzi zuena

Guaixe 2018ko aza. 5a, 09:57

Ciudadanosek España Ciudadana plataformaren bitartez Altsasun deitutako ekitaldiak denetatik izan zuen

Ciudadanosek España Ciudadana plataformaren bitartez Altsasuko Foru Plazan deitutako ekitaldiak denetatik izan zuen. Bertara hurbildu zirenak autobusetan kanpotik etorritakoak ziren, Aragoikoak, Madrilgoak, Asturiasekoak eta beste. Guztiek kafe beroa eta bolloak zituzten zain Ciudadanosek Altsasuko plazan jarritako cateringean, baita banderatxoak eta laranja koloreko bufanda ere.

Albert Riverak gidatutako ekitaldiarekin bat egin zuen Nafarroako PPk, Ana Beltran buru zela. Fernando Savaterrek ere hitza hartu zuen. Vox-eko Santiago Abascal ekitaldian izan zen baina ez zen aurrean eseri, atzealdean egon zen bere jarraitzaileez inguratuta. Bera izan zen, akaso, ekitaldiari etekin handiena atera zion politikaria: Riverari "presidente" esaten zioten, baina Abascalekin argazkia ateratzera hurbildu ziren Altsasuko Foru plazan bildutako asko eta asko. Viva España!, Viva la Guardia Civil! Viva el Pais Vasco! "Pero si esto no es el Pais Vasco!" Ahhh pues Viva Navarra! izan ziren entzundako ohiuetako batzuk. "Aquí estamos los valientes, sacanos una foto!" izan zen ere entzun izan zen beste eskari bat.