Uharka horia

Guaixe 2018ko aza. 5a, 20:14

Bisitariak joaterakoan sortutako segurtasun-hesia.

España Ciudadanak antolatutako ekitaldiak “tentsio uneak” sortu zituen. Altsasuarrez osatutako hesiak haiek baretzen saiatu zen.

Segurtasun indarrak hartuta esnatu zen Altsasu. Agenteak oso goizetik ibili ziren herrian barna. Plaza eta ingurunean Foruzaingoaren esku bazeuden, handik kanporako ardura Guardia Civilen esku zegoena. Antza, istiluen kontra etorritako agenteak Nafarroan dcestinoa dutenak izan ziren.

Goizeko hamarrak pasa berri ziren Altsasun etxaju baten lehertzea entzun zenean. Kultur gune parean antolatutako egitarauari abiapuntua eman zioten horrela. Onintza Enbeita bertsolaria izan zen Utzi Altsasu bakean aldarrikapenaren inguruan aritu zena. Foru plazan, bitartean, España Ciudadanak kontratatutako enpresek telebista plato bat egokitzen ari ziren. Horretarako, lehenik, bezperan itxitako kioskoa zabaldu eta Ciudadanos, PP eta Vox kaka direla irudikatzen zuen ongarri puska kendu behar izan zuten.

Kanpo santuan, aldiz, jendea pilatzen ari zen. Eta zenbat eta gehiago bildu orduan eta erlaino gutxiago. Hura desagertzearekin batera hasi zen helikopteroa Altsasuren gainean bueltaka. Han bildutakoak Amandrea plazarantz jo zuten eta eta Otai eta Amandrea elkarteen eraikinean geldiarazi zituen Foruzaingoaren hainbat agente. Trikiti doinuak entzun ziren bidean. Ondoren Altsasu antifaxistaren mugimenduak segitzen zituzten hedabide ugarien kameren soinuak.

Ordurako kultur gune parean kantuz arituak ziren eta Pettik kontzertu laburra eman, Jose Mari Karreren ipuin-kontakizunari txanda eman ziona. Foru plazan langileak muntatze lanetan segitzen zuten, baina ordurako aurreneko bisitariak etorriak ziren. Antolakuntzak emandako Espainiako, Nafarroako eta Espainiako banderak zituzten. Antifaxistek Amandrea plaza utzi eta Larrainbide kalerantz jo zuten. Kale horretako eta inguruko etxe gutxi batzuetako buzoietan plataformaren ekitaldiaren publizitatea agertu zen ostiralean. Batzuk bide hori hartzen zuten bitartean Foruzainak mugitu egin ziren eta jendeak Gurutze Saindua kaletik plazarantz jo zuten. Han izan ziren aldeen arteko lehen oihuak eta irainak. Tartean Foruzainak ziren. Antifaxistek Gartzia Ximenez kalerantz jo zuten eta udaletxe parean jende ugari elkartu zen.

Bitartean Fran Urias eta Zuriñe Hidalgo, Barri eta batukada feminista izan ziren kultur guneko zabalgunean arreta bereganatu zutenak. Jan-edanak ere bazeuden. Goizak aurrera egin ahala gero eta jende gehiago elkartu zen. Herri batzarrak antolatuta zuen gune hori. Baita zegokion segurtasun zerbitzua. Peto horiz jantzitako altsasuarrak ez zuten euren gunean zain behar izan. Baina hirutan giza kate gisa eratu ziren, antifaxiten eta segurtasun indarren artean segurtasun kate gisa. Lehenik, udaletxetik Foru plazara sartzeko kalean. Ekitaldia hasi zenean hara sartzeko saiakerak eragozteko. Arrazoi beragatik aipatu tokian eta Zubeztia elkartearen eta elizaren artean ondoren. Eta, azkenik, Gartzia Ximenez kalean, Garbitoki eraikinaren parean, bisitariak joan zirenean. Luze egin zen irteera. Txanponen bat, metxeroren bat eta botila bat bota zituzten manifestariek. Segurtasun katean zeudenak bitan egin behar izan zuten indar jendea geldiarazteko. Ordurako guardia civilek euren ezkutuak prestatu eta borra eskutan hartu zuten. Tentsio handia. Batzuk eta besteak oihuka eta irainka. Baina bisitariak joatearekin guztia lasaitu zen. Kultur guneko ospakizuna Foru plazara lekualdatu zen. Platoa biltzen ari ziren langileek ospakizunaren argazkiak egin zuten.

Ekitaldiaz
Jende mordoa elkartu zen udaletxe parean. Ordurako segurtasun hesia jarria zuten altsasuarrek. Baina plazatik etorrita Cake Nicuesa kazetari-probokatzaile eskuindarrak jendea xaxatzen saiatu zen. Bi kamera zituen atzean. Segurtasun hesitik behin eta berriz probokazioetan ez erortzeko, jokoa ez segitzeko eskatu zuten. Eta neurri batean lortu ere. Asaldatzaile paperean segitu zuen. Voxeko buru Javier Ortega iritsi zenean ongi etorria eta galderak antifaxistak zeunden tokitik 10 metro eskasera egin zuen. Oihuak areagotu egin ziren. Jokabide horrekin segituko luke, baldin eta foruzainek eraman ez balute. “Sesioak eragozteko” izan zela jakinarazi digute Foruzaingotik. Megafonoa zuen Voxeko gazte bat ere ohartarazi zuten. Atzo ez zen atxiloketarik izan.

Oihu artean iritsi ziren bisitariak. Haiek ere ez ziren isilik gelditu. 500en bat ziren eta Espainiako hainbat tokitatik iritsi ziren autobusez. Eta handik ekitaldira eraman zituzten. Autoz iritsi ziren bakarrak alderdietako buruak izan ziren. Bezperan tenisean jokatzen min hartutako Albert Rivera eta Vox-eko Santiago Abascal, aipatu Ortega eta Ortega-Lara. Rivera eta Abascal garai desberdinean sartu ziren, baina biei “presidente-presidente” ohi egin zieten bildutakoek. Haiek ez ziren plataformak prestatutako aulkietan eseri. Atzean gelditu ziren zutik. Foru plazan elkartutakoen artean haiek izan ziren miresmen handiena sortu zutenak.

“Askatasuna eta Guardia Civila defendatzera etorri ziren” Nafarroako PPko buru Ana Beltran Fernando Cosido senataria eta Nafarroako hainbat kide. Tartean alderdiak Etxarri Aranatzen duen zinegotziarena Juan Antonio Extremera. Aurreko legegintzaldian Olatzagutiko zinegotzi popularra izandako Oscar Alvarez Peon bisitariekin batera etorri zen ere. Bera ere makulu batekin etorri zen. Horrek ez zion eragotzi telefono mugikorrarekin manifestarien hainbat irudi hartzea, Garbitoki parean kontzentratuetan lehenik eta eliza ondoan kontzentratuetakoena ondoren. Txamarran zuen mikrofonotik hitz egiten ere ikusi zuten.   

España Ciudadanak antolatutako ekitaldia Beatriz Sanchez Secok zabaldu zuen. ETAren biktima, guardia civil baten alaba izateaz harro zegoela esan eta ETA garaitua izan zela nabarmendu zuen. Bera hizketan hasi eta berehala ezkila errepika hasi zen. Ezkila soinua ez zenean, kontzertu mugikorra, oihuak eta baita motozerrak ere baliagarriak izan ziren zarata ateratzeko. Ekitaldi guztian atzeko soinu banda izan zuen. Kontzertu mugikorrak jendea batetik bestera mugitu zuen, gazteak batez ere, baina jende gehiena udaletxe parean zegoen.

 Fernando Savaterrek hartu zion lekukoa eta Espainiako erkidego guztiak elkarri lotuta daudela esan zuen eta, ondorioz, ez zuela “tribu” moduan pentsatzerik merezi, “badugu herrialde bat”. Savaterrendako ez dira bateragarriak Espainia desegin nahi izatea eta Europako kide izatea. España eta Europa batua aldarrikatu zituen, “guztiok merezi dugun kosmopolitismo askatzailea lortzeko”. Albert Riverak Guardia Civilaren aldeko hitzak izan zituen. “Desberdin pentsatzen dutenendako, legeendako, demokraziarendako eta aldamenendako errespetua” eskatu zituen. Haren esanetan, nazionalistei ez zaie askatasuna gustatzen, ez dute berdintasunean sinesten eta supremazistak dira. Konstituzioa eta askatasuna parekatu zituen.

Errepika
Duela hilabete inguru gotzainaren laguntzaz aurkeztua izan ondoren, Patxi Izko apaizak estreinako eguna zuen Altsasun. Berak jakinarazi zuenez, “gazte talde bat elizan sartu da 11:00etako mezaren ondoren, eta kanpandorrera igo dira”. Foruzaingoak lau gazte identifikatu zituen ezkila-dorrean eta  Mozal Legean oinarrituta salaketa jarri diete: “zilegi zen manifestazio baten garapenean nahasmena eragitea” egotzi diete, “baldin eta ez bada arau hauste penal bat”. Arau-hauste larria da hori eta graduazioaren arabera isunak hiru motakoak izan daitezke: txikia (601 eta 10.400 euro artean), ertaina (10.401 eta 20.200 euro artean) eta gorena (20.201 eta 30.000 euro artekoa).

Erreakzioak
UPNko Javier Esparzak “irainengatik eta gorroto irudiengatik” nahigabea adierazi du. Atzoko protestan parte hartzen askok aurpegia estalita zutela eta haietako altsasuarrak ez zirela gaztigatu du eta “maila eman zuten altsasuarrei eskerrak eman” dizkie. Erregionalistak protesta egiten zituztenak EH Bildurekin lotu ditu eta koalizioa egoeraren arduradun egin du. Eta segituan Uxue Barkosen kontra egin du, EH Bildurekin duen paktua “ez morala” dela nabarmenduz.

Geroa Baiko Koldo Martinezek Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezekin bat egin du: “beharrezkoa ez zen tentsioa, liskarrerako eta probokaziorako”. Martinezek atzokoaz “gezurrak etengabe errepikatu direla” esan du eta nabarmendu du atzokoan “desordena publikorik ez zela izan, eta garrantzitsua da”. Geroa Baikoaren iritziz “parean Altsasu liskar-gune bilakatu nahi zuten alderdiak izanik, altsasuarrek, atzera ere, heldutasun politikoko ariketa egin dute”.

EH Bilduko Adolfo Araizek “Altsasuk bizi duen bidegabeko egoera salatu du. Zazpi pertsona preso. Beste edonon taberna liskarra litzatekeena han terrorismo ekintzarekin parekatu zuten”. Araitzen iritziz “eskuindarren artean zein eskuindarrago izan lasterketa ikusi zen Altsasun atzo”. Altsasuko ekitaldian izan diren alderdiak herrian erroturik ez daudela gaztigatu du eta antolatutako ekitaldia “probokatzaile eta iraingarritzat” jo du: “dekoratua behar zuten eta Altsasuko plaza aukeratu zuten”.  Herriak emandako erantzuna “duina eta irmoa” izan da.

Ahal Dugu-Orain Baiko Laura Perezen ustez atzoko ekitaldiaren antolatzaileek ez zuten “bilatzen zuten indarkeria opatu”. Perezi “eskandaluzkoa” iruditzen zaio PP eta Ciudadanos Voxen eskutik joatea. Eledunak esan duenez, “Altsasuk duintasunez erantzuten jakin zuen, arrazoiaren indarraz, indarkeria erabili gabe. Probokazio basati bati emandako erantzuna izan da”. Eta gogorarazi du 7 gazte preso dituen “herri baten oinazea arrotz” izan dela deialdia. “Kezkagarria da herrialde honetako eskuina zein erreakzionarioagoa jolasean aritzea”.

PSNko Maria Chiviteren ustez “bai eskuina bai talde abertzale batzuk herria politikoki erabiltzen ari dira. Gu elkarbizitza eskatzen dugu, eta nork bere ideiak azaltzeko duen eskubidetik, elkarbizitzaren aldeko ardura ariketa egin beharra dago”. Eta kritikatu du Alvaro Baraibar Etxeberria Bake eta Elkarbizitzarako zuzendari nagusiak “ahoa ez zabaltzea”. Sozialistak nabarmendu duenez, “Ciudadanos Nafarroan Kataluniako estrategia bera erabiltzen ari da”. Espainiako Senatuko bozeramaile sozialista Ander Gilen hitzak bere egin ditu Chivitek: atzoko moduko ekitaldiek “elkarbizitza sustatu beharrean, espainiarren arteko gatazkak eta irainak bizitzen dituzte”.

PPko Ana Beltranek esan duenez, “Altsasu herri bikaina da, baina erradikalak ditu eta babestu egiten ditu”. Eta alkatea kritikatu du, bere ustez “askatasuna defendatzen dugunen aurrean” erradikalak defendatu dituelako. Ziurtatu duenez, “oihu egiten digutelako, ni ezin naiz Iruña erdialdetik atera”. Hiriburuko kaleak “abertzaleen faxismoaz beteta” daude haren ustez. Eta nabarmendu du “atzokoa benetako basakeria” izan zela. Popularraren iritziz “gizarte haustura puntura iristen ari da eta hori gobernuari interesatzen zaio. Gizartea usteltzen uzten ari dira eta Barkos presidentearen kondena ez egotea larritzen gaitu”. PSOEko senatariari bere hitzak zuzentzeko edo kargua uzteko eskatu dio. Bukatzeko, ziurtatu du: “Zergatik da probokatzea adierazpen askatasuna eta Guardia Civila defendatzea? Hori probokatzea dela esaten duena gaixo dago”. Popularrak erakunde-adierazpen proposamena aurkeztu du, baina atzera bota du gobernuari eusten dion laukoak.

I-Eko Marisa de Simonek esan duenez, “ekitaldia liskar bihurtu nahi dute. Tentsioa egon zen, baina ez zen erasorik izan eta altsasuarrek erantzun baketsua eman zuten”. Simonen iritziz, “PP eta Ciudadanos eskuin muturraren eskutik probokatzera joan ziren”.

Bestetik, Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak esan du “mundu guztiak” duela manifestazio-eskubidea , baina “krispazioa eta liskarrak” saihesteko eskatu die atzo Altsasun izan zirenei: "”Kontu izan behar da, testuingurua aintzat hartuta, nola defendatzen ditugun gure sinesmenak, pentsamenduak eta ideologia”. Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesek ere hitz egin du atzokoaz: “ezin dut onartu Guardia Civilaren defentsa helburu alderdikoiekin erabiltzea”.

Altsasu faxismoaren kontra
Herri plataformatik zabaldu dutenez, atzoko bisitariak “Altsasura Euskal Herriaren aurkako errepresioa txalotzera eta zapalkuntza normalizatzera” etorri ziren eta  gaineratu dute :“Altsasun, Euskal Herrian ongi etorriak ez direla argi utzi” zietela  dugu. Ciudadanosek, PPk eta Voxek “eskaintzen diguten proiektuak” deitoratu dituzte. Ziurtatu dutenez, “gure askatasuna era gogorrago batean oraindik zapaldu nahi duten faxistak ez dute guri askatasunez hitz egiteko zilegitasunik”. Eta gaineratu dute: “ustelduta eta gainbeheran dagoen sistema hau inposatzen jarraitzeko askatasuna aldarrikatzen dute. Sistemaren gainbeheraren erantzuna dira faxista hauek, erregimenaren krisi honetan botereak eta honen komunikabideek sortutakoak”.

Ziurtatu zutenez, “krisien aurrean, kapitalismoaren erantzun klasikoa izan da erregimen faxista. Eta nahiz eta mota berri bateko faxismoa izan, aurre egiten ez badiogu, faxismoak indarra hartzen jarraituko du”. Herri plataformako kideen iritziz, “faxismoa ez da izan eta ez da izango langileontzako alternatiba bat. Izatetik urrun, gure berezitasunak elkarren arteko kontrakotasun bihurtu nahi dituzte. Gure artean zatiketak bilatzen dituzte, gure aurkako zapalkuntza gogortzeko. Erroetako arazoak, azalezko kontuekin estaltzen dituzte”. Mundu mailako fenomenoa dela gaztigatu dute.

Gaztigatu dutenez, “garaiz gaude, indarra hartzen ari dutela egia den arren, guk ere badaukagu gure indarra, horregatik da funtsezkoa faxismoaren aurka borrokatzea. Espaziorik ez uztea, ez kaleak ez eta espazio politikorik. Hutsik uzten zaien ezein espazio, haiek hartuko baitute”. Eta hainbat arlotatik eta mugimendutik “faxismoa eta bere eragilea den sistema kapitalista borrokatzea funtsezkoa da, alternatibarik eraiki nahi badugu”. Horregatik, deia egin zioten “Euskal Herriko langileriari antolatu eta borrokatzera. Gure alternatiba propioa eraikitzen hasteko, nahi dugun etorkizuna gaurtik eraikitzeko”.