Alex Txikon: atzera egitea ausardia denean

Guaixe 2018ko aza. 8a, 16:00

Alex Txikonek “Everest, un reto sobrehumano” dokumentala ekarriko du bihar, ostiralean, 19:00etan, Altsasuko Iortia Kultur Gunera

Everesta neguan oxigeno artifizialik gabe igotzea. Hori izan zen Alex Txikon mendizalearen aurreko neguko erronka. Erronka oso zaila, zalantzarik gabe, bere bigarren ekinaldia baitzen. Ibilbide konplikatu horretan, mota guztietako zailtasunak izan zituen mendizale bizkaitarrak, eguraldiarena bereziki. Everest gainera ekinaldia egitekoak ziren otsailean, otsailaren 23an 3. akanpalekura igotzea lortu zuten, baina eguraldi iragarpenak okerrera egin zuen, haize boladak iragartzen zituzten. Hala ere, eutsi zuten eta 4. akanpalekura igotzen hasi ziren otsailaren 24an. Baina hurrengo egunean, otsailaren 25ean, erabaki latza bezain ausarta hartu behar izan zuten Alex Txikonek, Ali Sadparak eta Temba Bothek: atzera egitea. “Batzuetan bizitzak erabaki latzen aurrean kokatzen gaitu, hauek, gainera, une batetik bestera hartu beharrekoak, baina gerora geure eta talde guztiaren bizitzan zehar eskertuko ditugunak” azaldu zuen Txikonek. Oinarrizko akanpalekura jaitsi, eta otsailaren 28an espedizioari bukaera ematea erabaki zuen Txikonek. “Mila eta bat buelta eman ondoren eta ametsaren bidean hertsiki jarraitzeko gure eskuetan dagoen guztia egin ondoren, bukatutzat ematen dugu 2018ko oxigeno artifizialik gabeko Everesteko neguko espedizioa” adierazi zuen Txikonek.

Dokumentala eta hitzaldia
Alex Txikon “Everest, un reto sobrehumano” dokumentala erakustera etorriko da bihar, azaroaren 9an, Altsasuko Iortia Kultur Gunera, 19:00etan. Katealde Artesanos enpresak, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak eta Altsasuko Udalak gonbidatuta aurkeztuko du Txikonek bere lana. Dokumentala bukatzen denean, solasaldia izango da eta bildutakoek nahi adina galdera egin ahalko dizkiote Bizkaiko mendizale handiari.