Azaroko ostiraletan, Gozamenez

Guaixe 2018ko aza. 9a, 11:19
Gaztetxoak gaztetxokoan. Argazkia: artxiboa.

Gazteen artean sexualitatearen ikuspegi positiboa zabaldu nahi duen programak azarorako hiru eskaintza ditu.

Esperientzia ludikoen bidez gazteei “gure gorputzak eta zentzumenak plazer iturri eta komunikazio bide direla” azaldu nahi zaie. Uda partean, iluntzetan, Sakanako hainbat igerilekuetan ur festa goxoak ospatu ziren. Horiek ere Gozamenez programaren barruan. Eta azaroko aurreneko hiru ostiraletan udazkeneko eskaintza berritzen du. 12 urtetik gorakoei zuzendutako eskaintza.

Beti ere, helburua garbi izanda: “gazteen sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik lantzea”. Izan ere, Gozamenez programak “sexualitatearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi du gazteen artean nahiz gazteen eta haien bitartekarien artean (familia, ikastetxea, komunikabideak...). Gazteen bizitzan sexualitateak duen tokia agerian utzi nahi du, gune publiko eta ohikoetan”.

Horregatik, Sakanako Gozamenez Batzordearen udazkeneko eskaintza gazte gunean, taberna batean eta zineman izanen dira. Altsasuko Udalaren Kultura Zerbitzuarekin lankidetzan antolatu du eta udal bereko Gazteria Zerbitzuaren, Iruñeko Gozamenez Batzordearen eta Osasunbidearen laguntza izan du.

Egitaraua
Azaroak 9, ostirala
17:00eta Zentzumen-ibilbidea: gynkana, murala eta dastatze beroa, Intxostiapunta gazte gunean.

Azaroak 16, ostirala
22:30ean Zentzumen gaua: Alicate, la gramola del amor (antzerki eta musika ikuskizuna), Haritza tabernan

Azaroak 23 , ostirala
21.45etan Zine foruma: Con amor Simon filma (16 urtetik gorakoenndako) eta ondoren foruma Bel Pozueta sexologoak gidatuko du.

*Egitarau guztia doakoa da.