Hirugarrenez, Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) merkataritza eta ostalaritza festa antolatu du. Aurten dendez aparte Alde Zaharreko lau tabernek ere bat egin dute ospakizunarekin. Iragarri dutenez, 17:00etatik aurrera Altsasutik barna ibiltzen denak aterkiekin egindako argi puntuak opatuko ditu, 38. Haurrendako jolasak 17:30etik 19:30era izanen dira Foru plazan, kultur guneko zabalgunean eta Altzania kalean. Eta ADEko establezimenduetan produktu dastatzeak, zozketak eta bestelakoak izanen dira. Esaterako, batek krispetak jatera gonbidatuko du, besteak kaba kopa batera, erosketak egiterakoan sorpresak, doako tailerrak eta beste izanen dira. Dantza emanaldia ere iragarri dute.
Merkataritza eta ostalaritza festarekin ADEk bertako establezimenduek “hemen gaude” esan eta “herriari ekarpena” egin nahi diote, gaur festarekin, baina urte guztian hainbat ekimenekin eta herritarrei zerbitzua emanez. Gaurko ospakizunak kaleak “herriari bizia emateko, alaitzeko eta bezeroak eskertzeko” da. Azarokotea ere bada ADEko eta Sakanako hainbat establezimenduetatik pasatzeko. Izan ere, haietan azaroan erosketak egiten dituztenak 25 urdaiazpikoren zozketan sartuko dira.
III. Merkataritza festako eskaintza | ||
Ordutegia | Non | Zer |
17:30-19:30 | Foru plaza | Puzgarriak |
18:00-20:00 | Aldasoro harategia | Landutako produktu dastatzea |
17:30-19:30 | Larka | Erosteagatik sorpresa eta cava kopa |
18:00-20:00 | Arkatz liburu-denda | Aurpegi-margotzea, zozketa eta auzatea |
19:00-21:00 | Gautxori, Lezea, Koxka eta Xume | Pintxo-potea, Trasteandok girotuta |
17:30-19:30 | Kultur guneko zabalgunea | Balanzabike eta pedaldun kartsak |
19:00-20:00 | Intxostia zeharbideko denden eskutik | Txotx |
17:30-19:30 | Altzania kalea | Super Jumping |
17:30-19:30 | Luresu optika | Krispetak |
16:00-17:00 | Gertu | Eguzki plakei eta LEDa aldatzeari buruzko tailerrak |
19:30 | San Juan plaza | Irantzu dantza eskolakoen erakustaldia |
20:00 | Txikitxo | Ardo eta gazta dastatzea. Argidun puxikak |
17:00-20:00 | Tu Tienda Especial | Solomo, gazta eta ardo dastatzea |
17:00-20:00 | Joselen moda | Dastatzea eta zizka-mizka |
17:00-20:00 | Sare oinetakoak | Dastatzea eta zizka-mizka |
19:00-20:00 | Asensio Moda | Dastatzea eta zizka-mizka |
17:00-20:00 | ML Moda | Pasta eta frizzante ardoaren dastatzea |
Euritako zerbitzua
Horixe eskainiko dute ADEko 37 dendek eta tabernek astelehenetik aurrera. Horren berri emanez kartela izanen dute establezimenduek. Bezeroek, bisitariek edo aldamenek euritako horiek edozein momentutan erabiltzeko aukera izanen dute, erosketa egin edo ez, eta dohainik. Baldintza bakarra dago: hartutako euritakoa hartutako establezimendura edo elkarteko beste batera bueltatu behar da. Horrela, aterkia beste batek berrerabiltzeko aukera izanen du.
Euritakoa elementu artistiko izatetik eguraldiagatik udaberriko hainbat aste pasa arte ezinbesteko den elementua izatera pasa da. Herritarren ohiko elementua, erosketak egiteko beharrezko izanen dena. Gaurko performancerako erabiliko diren 240 euritakoak establezimendu horietan izanen dira. Horiek erosteko udalak 1.100 euro eman ditu. ADEren logotipoan dauden berde, arrosa eta fuksia kolorekoak dira aterkiak eta Bizi Altsasu leloa dute, baita elkartearen, Altsasuko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren logotipoak ere.