Ezkila-joleendako isunak bertan behera uztea eskatu dute

Guaixe 2018ko aza. 14a, 14:20

LArunbateko prentsaurrekoan jende asko elkartu zen.

Azaroaren 4ko España Ciudadanaren politika-ekitaldian ezkila-errepika jo zutenei 601 eta 30.000 arteko isuna jarriko omen diete

Altsasu Faxismoaren Kontra herri plataformak (AFK) Nafarroako Gobernuari eskatu dio Mozal Legea ez aplikatzeko eta 30.000 euro arteko isuna ez jartzeko azaroaren 4an ezkilak jo zutenei. AFK-ko kideen iritziz, “bitxia da, Mozal Legearen kontra dagoen eta azaroaren 4ko probokazio faxista gaitzetsi zuen gobernu hau prest dago altsasuar batzuei bizia izorratu, legea aplikatu” eta isun handia jartzeko. Herri plataformako kideen iritziz, “30.000 arteko isunekin kikildu nahi gaituzte, eskarmentatu nahi gaituzte. Baina gu ez gara damutzen. Aspalditik ezagutzen dugu errepresioa, politika-arazoak pertsonalizatzen saiatu eta konpromiso handiena duten pertsonak bidetik kendu nahi dituzte”.

AFKtik gaztigatu dutenez, “guztion artean nahi diegu aurre egin datozen erasoei. Horregatik, erresistentzia-kutxak moduko tresnen garrantzia argi dugu. Elkar babestearen garrantzia”. Gaineratu dutenez, “eraso honi” eta etorriko diren ekimenak “ekarriko dituzten kostuei aurre egiteko behar dugun baino diru gehiago lortuko dugu”. Horretarako, hainbat ekimen martxan jarriko dituztela aurreratu dute. Baina, baita “faxismoaren egungo errealitateaz hausnartzeko, zer den, zer izan den ez ahazteko historia-memoria landuz…”

Faxismoaz
Herri plataformako kideen ustez, “guk ez dugu uste faxismoari gure plazak okupatzeko zilegitasunik aitortu behar zaionik, aldarrikatzen duten askatasun faltsu hori gure askatasuna ukatzera datorrelako”. Horiek horrela, “uste dugu ezin dela faxismoa hazten utziko duen espaziorik hutsik utzi behar. Izan fisikoa edo ideologikoa, frente guztietatik borrokatu behar zaio faxismoari”. Ziurtatu zutenez, “faxismoak gure kaleak okupatzen saitzen den aldiro era batean edo bestean joko dugu ezkilkada ”.

Gaineratu zutenez, azaroaren 4an “argi gelditu da asko garela haiek inpunitate osoz nahi dutena egiten uzteko prest ez gaudenak”. Horregatik, egun hartan “emandako erantzuna txalogarria iruditzen zaigu eta egindakoan berresten gara. Hori dela eta zoriondu nahi genituzke mobilizazio antifaxista posible egin zuten altsasuar, euskal herritar eta atzerritik etorritako solidarioak”.

Berretsi dute “faxismoa ez dela eta ezin dela izan langile klasearendako alternatiba bat, gure artean banatuz ahuldu nahi gaituzte. Babestea ezinbestekoa da, gure buruak indartu behar ditugu, faxismoa eta honen sortzailea den kapitalismoaren kontra antolatuz eta borrokatuz”.

Kritikak
AFKtik argi utzi dute elizak ez zuela inolako zerikusirik izan errepikan. “Altsasuko herritarron gehiengoa ordezkatzen ez duten delituzko ekintzak” zirela esan zuela eta herri-plataformakoek esan dutenez, “apaiz berriak azkar aukeratzen du nor seinalatu eta azalpenak nori eman”. Eta Elizaren “erregu-gabetasuna” nabarmendu dute, “ezkilak altsasuarronak direlako”. Bestetik, alkatea ere kritikatu dute AFKtik: “askatasuna eta tolerantzia ahoan, baina horien kontra ekiteko prest dauden faxistei gure herriko plaza okupatzeko zilegitasuna aitortzen die”. Kexu agertu ziren ere “herritar batzuek auzolanean egindako komunak arazorik gabe eskaini” zizkielako, “herriaren baliabide bat, herri mugimenduak erabili ahal izateko hainbeste zailtasun dakarten berak”.