Artisten arteko mugak hausteko erakusketa kolektiboa

Guaixe 2018ko aza. 20a, 13:06

'Hemengo eta gaurko eskultoreak' erakusketan parte hartu du Helena Santano artista altsasuarrak

Udan egin zuten Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko Aralarko mugan Azken muga arte jaialdia bi herrialdeak artearen eta kulturaren bidez elkartzeko helburuarekin. Xede berberarekin antolatu dute Gotzon Huegun eta Guillermo Olmo artistek antolatu dute Hemengo eta gaurko eskultoreak erakusketa. Helena Santano artista altsasuarrak erakusketan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen. Abenduaren 7ra arte egonen da Tolosako Aranburu jauregian.

"Ibilbide luzea dugun artistak biltzea da, nolabait, helburua". Helena Sanatano Hemengo eta gaurko eskultoreak erakusketan instalazioa jarri du. Antolatzaileen gonbidapena jaso zuen, eta eskultura egiten ez duen arren, obra bat erakustea erabaki zuen. "Egin ditudan azkeneko bi soinu instalazioak erakutsi ditut. Gainera, txoko bat ikusi nuen eta momentuan beste instalazio bat sortzeko inspirazioa sortu zitzaidan".

Erakusketa "bitxia" dela dio Santanok. Euskal Herrian azken hamarkadetan lan egin duten 19 artisten lanak biltzen ditu, "askotarikoak eta ezberdinak". Hortaz, gaur egungo artea nagusitzen da: eskultura tradizonaletatik enbor azalez egindako instalaziora eta beste hainbat "gauza desberdinak" ikusi daitezke erakusketan. Gainera, mustutze egunean artistak haien lana azaltzen aritu ziren. Azalpenak eta informazioa web gune batean bilduko dira.

Artisten lana oso bakartia da, Santanok azaldu duenez. "Guk bakarrik ezin dugu gure lana galeria batean erakutsi, eta elkartzeko beharra ikusi dugu". Azken muga bezalako mugimenduak edo Sakanan sortu berri den Artebide elkartea horren erakusle dira: "elkarrekin lan egiten dugunean jende gehiagorengana iristen gara".