Ikasleen artean zientziaren hazia ereiten

Guaixe 2018ko aza. 18a, 11:55

Zientziaren Asteak egitarauaren barruan Leire Palacios biologoa institutuan izan zen.

Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteak izaten dira azaroaren 3tik atzora arte. Eta horren barruan Egun batez ikerlari jardunaldia izan zen Altsasu institutuan pasa den asteazkenean. DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleek laborategi batean zer egiten den ezagutzeko aukera izan zuten Leire Palacios biologo altsasuarrarekin. Palacios gaur egun Zientzia Ikerketen Goi Kontseiluak eta Nafarroako Gobernuak sustatzen duten Agrobioteknologia Institutuan lan egiten du. Mikrobiologian espezializatuta dago. Ikerlariak azaldu zigunez, “gazteak zientzialarien harrobia dira eta, modu errazean, laborategi batean zer egiten dugun azaldu nien”.

Batxilergoko ikasleek ikerlari altsasuarrak azaldu zien ikasketak bukatu zituenetik zein ibilbide egin zuen haien aurrera iristeko. Biologia ikasketak egin eta bekarekin 2012 eta 2015 artean atzerrian izan zen. Nafarroako Gobernuak eskatuta ikerlari gisa ikastetxeetara bere esperientzia kontatzera joan zen 2012an eta 2013an. 2016tik zientzia astean parte hartu du urtero. Hitzaldiaren ondoren, bigarren orduan laborategian sartu ziren. DBH 4ko ikasleak, berriz, “zer ikasiko duten erabakitzeko garaian ez daude. Haiei laborategian zer egiten den azaldu eta gero laborategira joan ginen”. Palaciosek Iruñetik prestatuta ekarritakoekin esperimentua egin zuten guztiek eta egun batez zientzialari bilakatu ziren. “Ikasle eta irakasleekin oso gustura” egon zela esan digu ikerlariak, pozik zegoen “zientzia gizarteratzen” bere aletxoa jartzeagatik.

Argazkiak: Leire Palacios.