Beste behin ere, Altsasuko herriaz harro gaudela esan behar dugu. Azkeneko urteetan zehar askotan egin dugun bezala, probokazio, kolpe eta desinformazioen aurrean herri duin, batu eta eredugarria garela erakutsi dugu. Haiek nahi zuten jokoan sartu gabe, baina gure aldarri eta usteak argi utziz probokatzea eta interes zitalak besterik ez zituztenen aurrean.
Altsasuko herri asanbladatik eskerrak eman nahi dizkiegu erantzun hau antolatzen eta posible egiten lagundu diguzuen guztioi. Asteartean prentsaurreko bat eman, eta 4 egunetako epearekin 10.600 laguneko manifestazioa eta dantza, musika, kanta, elkartasun eta aldarriz... beteriko ekitaldi bat burutu genituen asteburuan. Ez da makala! Hain maitatua bihurtu den abestiak dioen gisa, txarrenari onena atera diogu berriz ere. Mila esker bai Altsasutik, zein Euskal Herritik eta iberiar penintsulatik etorri zineten guztioi, gurekin batera Altsasu bakean utzi dezatela aldarrikatzeko. Askotan eskatu dugu laguntza, eta orain arte, beti jaso dugu espero genuena baino gehiago. Ez dugu inoiz ahaztuko.
Larunbatean gure herriko kaleak hartu genituen, aldarri sinple eta argi bat ozen entzunaraziz: Utzi Altsasu bakean! Eta igandean, Foruen plaza ultra-nazionalismo espainiarrak, faxistek, probokazioek, matxistek eta arrazistek hartzen zuten bitartean, Iortia plaza berdintasunaren, justiziaren, elkartasunaren eta eskubideen gunea bihurtu genuen Onintza Enbeita, Kantuz, Petti, Joxe M Karrere, Fran Urias, Zuriñe Hidalgo, Barri, Batukada feminista, Iñaki Rebuelta, Etxebeste, Xabi Solano, Fermin Muguruza, La Furia, Amets Arzallus, Eneko Lazkoz, Maria Rivero, Oihane Gulina eta fanfarrearen eskutik. Eta haiekin batera milaka pertsona. Berriro ere, gure eskerrik beroenak.
Ez ziren aste errazak izan aurrekoak. Alderdi ultra-eskuindar eta haien komunikabideek eragiten zuten presioaz gain, herri anitza izanik, iritzi eta proposamen ezberdinak kudeatu beharraren lana egin behar izan da oso denbora gutxian. Baina behin asteburua pasata, gure herriak eman zuen erantzunarekin oso pozik gaudela esan behar dugu. Eta hauxe nabarmendu nahiko genuke, uste dugulako alderdi eta kazetari probokatzaileen aldetik beste mota bateko erantzunak bilatzeko egin zuten lana itzela izan bazen ere, herriaren erantzuna parametro egokietan garatu baitzen.
Gure herriarekiko desinformazio eta manipulazio kanpainak aurrera jarraitu du aste honetan: existitzen ez diren harriak, eman ez zen egoera beldurgarria... Jada ez dute inor engainatzen. Denok ikusi ahal izan genuen Altsasun larunbat eta igandean gertatu zena eta argi daukagu zer erakusten duten irudiek: herri oso bat bakean uzteko eskatzen. Justizia aldarrikatzen jarraituko dugu eta ez ditugu onartuko probokatzaile eta faxistak, aske bizi nahi baitugu.