Intxostiapuntak baditu gazte-berriemaileak

Guaixe 2018ko aza. 17a, 12:57

Berriemaileak eta Blanki Torres teknikaria.

Gazteak azaroarekin batera hasi dira zeregin horretan eta maiatzera arte ariko dira.

Zazpi gaztek Intxostiapunta gazte guneko berri emaile izateko konpromisoa hartu dute. Honakoak dira gazte horiek: Sakana Lanbide Heziketa institutuan Ana Belen Padilla Cedeño eta Mara Martis Cerrillo; Iñigo Aritza Ikastolan Izaskun Landa Lasa eta Ainhoa Agirre; Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan Tifaout Ballouk Guourar eta Ixone Rodriguez Sanchez eta Sagrado Corazon ikastetxean Yerai Garcia Alonso.

Gazte horiek DBH 4, Batxilergoa edo Lanbide Heziketan matrikulatuta daude eta euren ikaskideei eta lagunei gaztetxokoan antolatutako jardueren berri emateko konpromisoa hartu dute. Horretarako, zazpikotea gazte-gunearekin etengabeko harremanean izanen da, bai begiraleekin edo gazteria teknikariarekin. Haiengandik informazioa jaso eta inguruko gazteei jakinarazteko, edo alderantziz. Horretarako, kartelak, bestelako euskarriak eta sare-sozialak erabiliko dituzte. Bestetik, informazio hori ikastetxeetako gazte informaziorako paneletan jartzen hasi dira. Gainera, ikaskideen kontsultak gutxienez astean behin erantzun behar dituzte.

Berriemaileek honako informazioa hasi dira zabaltzen: Intxostiapuntako gazte agenda, ikastaroak, Sexgune zerbitzuaren, aretoen mailegua, txartelak, txangoak, telefono interesgarriak, iradokizunak, proposamenak… Zazpi hilabetez izanen dira berriemaile eta hilero hilabeteko jarduna biltzen duen fitxa eta akaberako memoria egin beharko dute. Aurten 80 euroko diru-saria jasoko dute, eta 120koa heldu den urtean. Baita diploma ere akaberan.