Altsasuko Euskaraldia taldeak ariketan izena eman duten pertsonak Gure Etxera deitu zituen atzo. Euskaraldiari Ongi Etorria egiteko Pantxika Lamourrek gidatutako saioa izan zen Gure Etxea eraikinean. Berak lagunduta sortu zen Altsasuko hamaikako inprobisatua eta Ahobiziei eta Belarriprestei aurreskua dantzatu zitzaien. Ekitaldian Altsasuko Musika eta Dantza eskolako kantariek, Zubiondo kantu-poteo taldeak eta Burundar Txistulariek parte-hartu zuten. Horiek guztiek ilaran txanda galdu nahi ez zutenen entretenigarri izan ziren. Izan ere, atzo eguerdian 483 txapa banatzekoak ziren Altsasun, 369 Ahobizi eta 114 Belarriprest. Bere txapa jaso ez zuenak Itsasi AEK euskaltegitik pasatzeko aukera du. Eta Euskaraldian izena eman ez duenak oraindik garaiz dabil, www.euskaraldia.eus web orrian egin dezake. Txapa, esan bezala euskaltegian jaso beharko da.