Larunbat gauean guardia civilak tabernetan ibili ziren

Guaixe 2018ko aza. 20a, 17:42

Guardia Civileko agenteak eta ibilgailuak Altsasun azaroaren 4an.

Larunbatetik domekarako goizaldean kalez jantzitako bi guardia civil Altsasuko bi tabernatan sartu eta han zeuden gazteak “probokatu” zituzten. Han zirenen lekukotzak jasota, Hitzondok zabaldu duenez, agenteak lehenik Biltoki tabernan sartu ziren, 02:00ak aldera. “Kalez jantzita eta egoki identifikatutako agenteek hainbat gazte probokatu zituzten, euren izenez deituz eta kalera jotzera ateratzeko gonbidapena eginez”. Besteak beste halakoak esan omen zituzten: “orain bai, lau baten kontra”. Hitzondok jasotakoaren arabera, agenteek gazteei “burlaizez” esan zieten “probokatzera” joan zirela, “baina ez zutela indarkeriarik nahi”. Izena ez zekiten emakumezko gazte batengana ere zuzendu omen ziren. Handik parean dagoen Koxka tabernara joan ziren. Ordurako jendeak agenteen presentziaren berri bazuen. Hitzondok jaso duenez, “tabernariek tentsio oso handiko uneak bizi zituzten”.

Hitzondok aurreratu duenez, herri mugimendua gertatutako aztertzen ari da eta “halako gertakari larri baten inguruan aurki iritzia emanen du”.