Bi munduen arteko lubakia

Guaixe 2018ko aza. 23a, 13:22

La Zanja antzezlanaren une bat. TITZINA TEATRE

Titzina teatre konpainiaren La Zanja antzezlana eginen dute bihar, azaroaren 24an, 19:30ean, Iortia kultur gunean

Multinazional bateko langile bat Hegoafrikako ustiapen batera joan da. Bertako herritarrak bisitariaren etorreraren zain daude. Bi munduen eta bizitza ulertzeko bi moduen arteko talka sortzen da. Hori da Titzina teatre konpainiak La Zanja antzezlanarekin proposatzen duen istorioa: botere harremanek nola eragiten duten. Tragikomedia bat da. Bi gizakien arteko botere harremanak eta horiek nola eragiten duten gizartean eta ingurunean. Bihar, azaroaren 24an, izanen da emanaldia 19:30ean, Iortia kultur gunean.

Titzina antzerki konpainiak antzerkia baino zerbait gehiago egiten du. Lan bakoitza prestatzeko ikerketak egiten dituzte istorioa eta pertsonaien barneak ezagutzeko. La Zanja antzezlana sortzeko, Pizarro kolonoaren eta Atahualpa Inken buruaren arteko topaketan inspiratu dira: bi kulturen artean sortutako desberdintasunak eta mundua interpretatzeko moduak. Hortaz, antzezlana sortzeko Titzina konpainiako kideek garaiko kroniketan oinarritu dira. Perura bidaiatu zuten ere.

Titzina teatre konpainia antzerki garaikidean erreferentea da, eta, dagoeneko, Titzina Zigilu gisa ezaguna da Bartzelonako konpainiak egiten duena. Diego Lorca eta Pablo Merino aktoreek sortu zuten 2001 urtean. Sorkuntza antzerkia egiten dute eta ikerketa zehatzak egiten dituzte antzezlanak sortzeko. Gizakiaren alde nabarmenenak plazaratu nahi dute modu ironikoan, barregarrian, baita tragikoan ere. Helburua ikus-entzuleari galderak sortaraztea da.