Ermita kaleko lanak bihar hasiko dira

Guaixe 2018ko aza. 25a, 12:41

Jendea Ermita kalean. Artxiboa.

Kale horretako eta Isidoro Melero kaleko zorua eta sareak berrituko dira. Abenduan autobus geltokia Aita Barandiaran egoitzaren parera aldatuko da.

Bihar hasiko dira Ermita kaleetako sareak eta zoladura berritzeko lanak. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi digunez, Isidoro Melero kalean lanak abendu akaberan edo ilbeltza hasieran hasiko dira. Bi kaleetan zoladura berritzearekin batera espaloiendako eta ibilgailuendako aparkatzeko espazioak egokituko dituzte. Lanak Construcciones Mariezcurrena SAk eginen ditu 633.833,62 euroren truke (BEZ kanpo). Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jasoko du Altsasuko Udalak, Toki Inbertsioen Planean jasoa baitago inbertsio hori. Lanek sei hilabete iraunen dute.

Alkateak jakinarazi digunez, abenduan autobus geltokia osasun etxe ondotik Aita Barandiaran adinduen egoitza ondora lekualdatuko da. Baina ez Isidoro Melero kaleko lanak hasiak direlako, baizik eta Zelai kaleko pasabide goratuak berritzeko lanak hasiko direlako. Zelai kaleko lanak despedituta Isidoro Melerokoak hasiko direnez, azken horiek bukatu arte egonen da autobus geltokia Aita Barandiaran egoitzaren parean. Ollok aurreratu duenez, heldu den astean adinduen egoitzaren ondoan, Idertzagain kalean, 3 metroko luzera duen markesina jarriko du udalak.

Gaur egun han Irun eta Madril arteko lotura egiten duten autobusak gelditzen dira soilik. Abendutik aurrera Iruña eta Gasteiz artean ibiltzen direnak ere. Altsasuko Udalak beste markesina bat suhiltzaileen egoitzaren parean jarriko du, Iruñea eta Bilbo arteko lotura egiten duten autobusak gelditzen baitira han.