Kontziliazioa errazteko aisialdi programa eskaini du udalak

Guaixe 2018ko aza. 25a, 13:18

Txantxari udal ludoteka. Artxiboa.

Txantxari udal ludotekak hartuko du abenduaren 24an, 25ean, 27an, 28an eta 30ean eta ilbeltzaren 2an, 3an eta 4an, goizez.

Eguberrietako oporretan lana eta familia bizitza bateragarria egiten laguntzeko Aisiaz Blai eskaintza egin du Altsasuko Udalak Txantxari ludotekaren bidez. 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako eskaintza da, hau da, 2006 eta 2015 urteen artean jaiotakoendako. Aurtengo azken asterako eta heldu den urteko lehen asterako da ludotekaren eskaintza, 08:30etatik 13:30era. Ordutegi horretan plazak beteko ez balira 11:00etatik 13:30erako eskaintza eginen luke udalak.

Izen ematea gaur zabaldu da eta heldu den asteazkenera arte dago zabalik. 012 edo 948 012 012 telefono zenbakietara hots eginez edo www.altsasu.eus web orriaren bidez eman daiteke izena. Familiaren errentaren arabera ordaindu beharko da matrikula. Udalak lau errenta tarte zehaztu ditu eta horren arabera 15,8 eta 33 euro artean balio du goiz osoko ordutegia eta eguerdiko ordutegiak, berriz, 7,9 eta 16,5 artean. Udalak matrikularako hobariak eta sartzeko baremoa ere zehaztu ditu.  Argibideak nahi dituenak Garbitoki eraikinetik pasa daiteke edo, bestela, 948 467 471 telefono zenbakira hots egin edo ludoteka@altsasu.net e-postara idatzi.