Hildakoen kopuruaren atzean emakumezkoen bizitzak daude

Guaixe 2018ko aza. 23a, 14:43

Aurreko urte bateko kontzentrazioa.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunaren harira udaletik mezu hori zabaldu dute, eta altsasuarrei antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu.

Azaroaren 25a, domeka, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Altsasuko Udalak azken bilkurak erakunde-adierazpena onartu zuen aho batez. Adierazpen horretan udalak “gaitzetsi egiten ditu emakumeek edozein esparrutan eta testuingurutan pairatzen dituzten askotariko diskriminazioek eragindako indarkeria sexista mota guztiak”. Aldi berean, udalak konpromisoa adierazi zuen “modu aktiboan lanean jarraitzeko desparekotasunen aurka, zaurgarritasun-egoeren eta emakume zein neskatoen aurkako indarkeria-egoeren sorburu baitira; eta gonbita egin nahi diegu hala gobernuei eta erakunde publikoei nola nazioarteko entitateei eta gizarte zibilari, gogoeta egin eta konpromisoak har ditzaten”.

Horrekin batera, Altsasuko Udalak “elkartasuna” azaldu die “eraso edo hil dituzten emakumeei, indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakume eta neskatoei”. Azkenik, udalak altsasuarrak gonbidatu ditu “emakumeen kontrako indarkeria gaitzesten eta hura deuseztatzeko konpromisoa adieraztera, baita patriarkatuaren kontrol mota guztiak eta emakumeei haien askatasuna eta autonomia erabiltzen eragozten dieten muga eta baldintza guztiak salatzen ere”. Baita domekan antolatutako kontzentrazioan parte hartzera ere.

Argudioak
Altsasuko Udaleko kideendako domekan “indarkeria matxistaren egiturazko izaera nabarmenduko” da, “horixe baita gizonezkoek emakumeengan dituzten botere-harreman asimetrikoen adierazpenetako bat. Egitura patriarkalari lotzen zaion indarkeria da, emakume eta gizonen arteko desberdinkeriak sortzen eta birsortzen dituena bizitzaren esparru guztietan eta adin-tarte guztietan”. Udal ordezkarien iritziz, “genero-desparekotasuna gaur egun gertatzen den giza eskubideen urraketarik iraunkorrena den heinean, aurten hil dituzten emakumeen kopurua bihurtu nahi dugu arretagune, egunez egun etengabeko jario baten moduan entzuten dugun hori”.

Garai batean emakumeen kontrako indarkeria dela medio hildakoen kopurua ez zen zenbatzen. Kontaketa hori egitea urtetan aldarrikapen bat izan zela gogoratu dute udaletik. Lorpen horrek “arazoaren larritasuna neurtzeko bide eman baitzuen, eta hartara, arazoa desagerrarazteko politikak diseinatu eta baliabideak bideratzeko”. Baina “hil dituzten emakumeen zenbaketa amaigabearekin ohituak garela dirudi, are, sobera ohituak, ematen baitu jada ohikoa dela guretako ia egunero gizon batek emakume bat hiltzea. Ia-ia egunero izaten ditugu erasotuak, mehatxatuak diren emakumeen berri, beren askatasuna mugaturik ikusi eta beldurrez bizitzera kondenatuak direnena”. Hildako kopurua hutsak baino, “zenbaki bakoitzaren atzean emakume bati etendako bizia dago. Proiektu eta ilusioz beteriko bizia, sekula berriz biziko ez dena”.

947
Indarkeria matxistagatik emakume horiek guztiak hil dituzte espainiar estatuan 2003. urtetik,  eraildako emakumeen zenbaketa egiten hasi zenetik.

Altsasu
Azaroak 24, larunbata
18:00etan Indarkeria matxistaren kontrako proiekzioa, Intxostiapunta gazte gunean.

Azaroak 25, domeka
13:00etan Alarma feminista matxismoaren kontra!!! kontzentrazioa, udaletxe parean. Altsasuko mugimendu feminista.
18:00etan Scape Room (5 emakume), Intxostiapunta gazte gunean.

Abenduak 4, asteartea
12:30ean Antzerkia: Bi ero diskotekan, Iortia kultur gunean. DBHko 4. mailako eta LHko 1. mailako ikasleendako.

Abenduak 10, astelehena
19:00etan Volar dokumentalaren emanaldia. Ondoren, Nerea Del Campo Agirrek, protagonistetako batek gidatutako solasaldia.