Cruzadas antzezlan "gogorraren" emanaldia bihar, Iortian

Guaixe 2018ko aza. 30a, 08:03

Tarima Beltza antzerki taldeak Nueve teatro konpainiaren 'Cruzadas' antzezlana antolatu du bihar, abenduaren 1ean, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Elkar trukeari esker eskainiko du Altsasuko taldeak emanaldia

Te@treves antzerki zikloa sortu zuen Tarima Beltza antzerki taldea altsasuarrak 2011n. Sei edizioz antolatu zen antzerki zikloa. Iaz, aldiz, data arazoengatik ezin izan zuten zikloa egin, baina Tarima Beltza taldeak antzerki amateurra zabaltzen jarraitu zuen: urtean zehar programatu zituzten emanaldiak. Aurten ere formatu hori erabili dute, eta elkar trukeari esker larunbatean, abenduaren 1ean, Cruzadas antzezlana izanen da Iortia kultur gunean, 19:00etan. Nueve Teatro taldea donostiarrak eskainiko du lana.

Garesko Txilindron antzerki taldearen Los arboles mueren de pie antzezlana programatuta zegoen biharko Iortia kultur gunean, baina "azken uneko arazo baten ondorioz", Cruzadas izanen da azkenean antzeztuko duten lana. Nueve Teatro antzerki taldeak eskainiko du antzezlana. 19:30ean izanen da emanaldia. Aurretik programatutako antzezlanerako sarrerak erosita zutenek, arazorik gabe joan ahalko dira Cruzadas ikustera. Gainera, sarrerak salgai daude Iortia kultur gunearen web gunean eta leihatilan. Aurretik 5 euroko prezioa dute eta egunean bertan 6 eurokoa.

Cruzadas "lan gogorra" da Juan Manuel Herrero Tarima Beltza taldekidearen hitzetan. Gerrari buruzko antzezlan bat da, drama bat. Antzezlanak gerraren arrazoi eza azaleratzen du eta pertsonaiak bizidunen eta bizigabeen artean ibiltzen dute. Izan ere, gerrak usteltzen, irakasten eta okertzen die, eta, azkenean, haiekin amaitzen du.

Nueve Teatro konpainia donostiarra amateur da. Alazne Etxeberria da zuzendaria. Aktore profesionala da Etxeberria.