Palestinaren berri lehen eskutik

Guaixe 2018ko abe. 2a, 12:16

Altsasun egindako murala.

Asteartean, 18:30ean, Gure Etxea eraikinean hitzaldia emanen du errefuxiatu gune bateko herritar palestinar batek.

Askapena talde internazionalistak gonbidatuta, Bilal Jado gazte palestinarrak hitzaldia emanen du Altsasun etzi. Belen hiriko Aida errefuxiatu guneko biztanlea da Jado. Han, kilometro eskasean, 7.000 pertsona baino gehiago bizi dira. Pertsona horien eguneroko bizia zein den azalduko du palestinarrak. Aldi berean, egoera soziala eta politikoa zein den aztertuko du. Ikastetxeetako arazoei eta Palestinako hezkuntza ere izanen ditu hizpide. Gainera, Israelek jasotako harresiak denborarekin utzi dituen ondorioen berri ere azalduko ditu.  

Astearteko hitzorduaren bigarren zatian Askapenako kide batek Israeli Boikota egitearen garrantziaz hizketatuko da eta eraginkorra den boikota nola egin daitekeen azalduko du. Ariketa praktiko baten bidez eginen du hori. Askapenarekin Palestinan egondako brigadista batek, Aritz Leozek, emanen dio hasiera hitzaldiari. Askapenatik jakinarazi dutenez, saioan zehar argazkiak eta bideoak ikusteko aukera izanen da.