Gaztewood-eko superheroiak aurkeztu dituzte

Guaixe 2018ko abe. 10a, 13:44
Altsasuko justizia liga. @GAZTEWOOD

Altsasuko Gaztetxea Gaztewood film laburren txapelketa herrikoiaren antolakuntza lanetan ari da. 2019ko "kultura ekimen handiena" izanen dela diote antolatzaileek. Martxoaren 31 arte aukera dago lanak aurkezteko

Zinemaren historiaren filmen errepasoa egiten ari dira Altsasuko Gaztetxeko kideak Gaztewood jaialdiaren harira. Charlie and the Chocolate Factory filmako umpa lumpa pertsonaiak izan ziren 2019ko udan ospatuko den jaialdirako "urrezko txartelak" banatzeko arduradunak, eta, orain, superheroien eta gaizkileen mundura jo dute: Especutorre-an biltzen diren bost gaizkileek Gaztewood jaialdia ez ospatzea nahi dute, eta edozer gauza eginen dute, izan ere, sare sozialetan argitaratutako bideo batean diotenaren arabera "gazte asanblada eta autogestioa indartuta atera zen" Gaztewood jaialdiaren aurreko edizioetan.

Hortaz, gazkileei aurre egiteko Altsasuko justizia liga jaio da. Gaztewood aurrera eramateko lanean arituko dira justizia ligako kideak, eta "laguntza" behar dute: "Gaztewood laburmetrai txapelketa herrikoia ez da posible izanen laburmetraiarik gabe". Lanak aurkezteko epea martxoaren 31n bukatzen da. Film laburrak MP4 formatuan egon behar dira eta Gaztetxean entregatu behar dira USB edo DVD batean. Aurrerago aurkezteko beste modu batzuk irekiko dituztela aurreratu dute gaztetxeko kideek. Iraupena, gehienez, 15 minutukoa izan behar da eta telefono mugikorrarekin horizontalean grabatzeko eskatuko dute.

Gaizkileak eta superheroiak

Gaizkileen eta justizia ligaren artekoak Gaztewood film laburren txapelketa herrikoiaren sare sozailetan elkarbanatzen dituzten bideoetan ikus daitezke.

Especutorre egoitzan biltzen omen dira Gaztewood-ekin amaitu nahi duten gaizkileak. Bost dira, eta bakoitzak elementu errepresibo edota herritarren kontrako sistemaren elementuren bat irudikatzen dute: Tricoforo eta Magistrato errepresio poliziala eta judiziala irudikatzen dute, Especulation man pertsonaian kapitalismoaren irudia ikusi daiteke, Bukkake Minuesa muntai polizialen eskutik datozen muntai mediotikoen adibide da eta Tav Womaren pertsonaia ingurumenaren kontrako erasoen eta herriaren kontrako proiektuen irudikapena da.

Gaizkileei aurre egiteko eta film laburren txapelketa antolatzeko lanean egonen den justizia liga Basajaunek, Aitona Yodak, Altsasu kapitainak, Prekarietate Girl-ek eta Katisak osatzen dute.