Altsasuko Barricarte Memorialean Angel Vazquez eta Aitana Gil gailendu ziren

Guaixe 2018ko abe. 11a, 14:59

Guztira 35 sakandarrek lortu zuten Altsasuko proba despeditzea, Sergio Garcia de Eulate eta Izaskun Beunza buru zirela

Larunbatean, Ama Birjinaren egunean, 38. Oinezko lasterketa edo 35. Alberto Barricarte Memoriala jokatu zen Altsasun, Zubeztia elkarteak antolatuta. Korrika egiteko sekulako eguraldia zegoen, freskoa baina eguzkitsua, eta 155 korrikalarik ekin zioten probari. Beste edizio batzuetan 300 korrikalari inguru aritu izan dira, baina “zubia nabaritu zela” nabarmendu zuten antolatzaileek. Zelai kalean egiten ari diren lanak direla eta, ibilbidea moldatu behar izan zuten eta azkenean 9,2 km inguruko proba izan zen Altsasukoa.

Lasterketa oso azkarra izan zen. Hasieran Roberto Tanco iruindarrak hartu zuen aurrea. Baina Altsasuko proban 8 urtez jarraian aritu eta hainbat alditan bigarrena eta hirugarrena sailkatu eta gero, Lazkaoko Angel Vazquezek arantza atera zuen eta 38 urteko gipuzkoarra izan zen txapelduna, Roberto Tancori 5 segundo atera eta gero. Imarkoaingo David Palomok osatu zuen podiuma (31:22) eta Sergio Garcia de Eulate altsasuarra izan zen lehen sakandarra, 5. postuan sartu eta gero (32:06). “Lehendabiziko bueltan Tanco harrapatzea lortu dut eta hortik aurrera jo dut. Lasterketa honek ez du apenas desnibelik baina bihurgune asko ditu, eta abiadura galtzen duzu. Beraz, erritmo aldaketa handiak dira eta azkenean gogorra egin zait. Baina oso gustukoa dudan proba da hau, bereziki giroagatik eta oso herrikoia delako. Izena ematea dohainik da, gaur egun ohikoa ez dena” aipatu zuen Vazquezek.

Gil-Beunza lehia
Emakumezkoetan, aldiz, lehia estua izan zuten, beste behin, Cabanillasko Aitana Gilek eta Olaztiko Izaskun Beunzak. Sakanako Herri Lasterketako aurreko bi edizioetan bezala, multzo berean aritu ziren bi korrikalariak eta azkenean Altsasuko lasterketan estreinaten zen Aitana Gil izan zen azkarrena (36:10), Izaskun Beunzari 5 segundo aterata (36:10). Zaragozako Pilar Arnal izan zen hirugarrena (39:36). “Izaskunek eraman nau, ia uneoro atzean egon naiz, baina azken 800 metrotan abiadura handitu dut eta ihes egitea lortu dut. Oso lasterketa polita da, giro ona dago” aipatu zuen Gilek.

Guztira 35 korrikalari sakandarrek lortu zuten proba despeditzea, Sergio Garcia de Eulate eta Izaskun Beunza buru zirela. Zubeztia elkarteko lehen sailkatua Iban Sobredo izan zen.

San Silvestreak prestatzeko lasterketa bikaina da Barricarte Memoriala. Proba oso herrikoia eta kuttuna da bertako korrikalariendako eta baita gipuzkoar eta arabarrendako. Bestalde, Sakanako Atletismo Koparako puntuagarria zen azken proba izan zen, aurretik jokatutako Ziordiko Krosa, Aitzkozar krosa, Ergoienako Bira eta Sakanako Herri Lasterketa probekin batera. Bukaeran auzate ederra eskaini zien Zubeztia elkarteak korrikalariei eta sari ematea izan zen. Ez da sari metalikorik banatzen, opariak eta trofeoak baizik, baina giroa primerakoa izan zen, beste behin.


Sakandarrak 38. Oinezko Lasterketa-35. Barricarte Memorialean
Gizonak
1.Angel Vazquez (Lazkao): 31:06
5.Sergio Garcia de Eulate (Alts) 32:06
7.Alberto Martinez (Lak)    32:28
10.Raul Audikana (Olaz)    33:04
11.Joxeja Maiza (Etx)    33:06
12.Iban Sobredo (Alts)    33:08
16.Juan Carlos Gomez (Alts)33:36
18.Jabi Gasanz (Alts)    33:45
19:Javier Borrega (Alts)    33:45
22.Fco. Javier Gomez (Alts)33:56
28.Iñaki Alvaro (Alts)    34:51
32.Felix Benjumea (Alts)    35:03
42.Egoitz Aldaz (Olaz)    36:04
43.Aritz Etxeberria (Alts)    36:10
45.Luis Areta (Lak)    36:10
48.Gaizka Diaz de Garaio (Bak) 36:20
49.Asier Estarriaga (Etx)    36:26
51.Alberto Mazkiaran (Alts)36:51
57.Jon Ander Fernandez (Alts) 38:03
67.Joseba Galartza (Iturm) 38:30
68.Asier Lizarraga (Arb)    38:30
70.Martin Somocurcio (Alts) 38:00
71.Santi Agirre (Iturm)    38:47
75.Gorka Chamorro (Alts) 39:44
89.Ruben Garcia (Alts)    41:59
92.Aingeru Azazeta (Alts)    42:10
95.Josean Salgado (Alts)    42:25
96.Alberto Agirre (Alts)    42:25
99.Asier Palacios (Alts)    42:54
100.Aingeru Etxeberria (Alts) 42:54
101.Ruben Cantero (Alts)    43:29
102.Jesus Bengoetxea (Alts) 43:29
106.Jesus Sayas (Alts)    44:16

Emakumeak
46.Aitana Gil (Cabanillas)    36:10
47.Izaskun Beunza (Olaz)    36:15
83.Erkuden San Martin (Etx) 40:32
111.Vanesa Galbete (Olaz)  45:32