Naiara Diezen Gernika Bizkaia EuroCupeko playoffetarako sailkatu da

Guaixe 2018ko abe. 13a, 10:19

Atzo 84-66 irabazi zioten Portugalgo Uniao Sportiva taldeari eta historian lehen aldiz Eurocupeko 2. fasean ariko da talde bizkaitarra

Naiara Diez saskibaloi altsasuarraren Gernika Bizkaia taldea EuroCupeko 2. fasean ariko da lehendabiziko aldiz bere historian. Atzo Eurocupeko lehen faseko azkeneko jardunaldian Uniao Sportiva talde portugaldarrari 84 eta 66 irabazi zion Gernika Bizkaiak, eta Spar Citylift Gironak 56 eta 78 irabazi zionez Hungariako Uni Györ taldeari, F Multzoko bigarren postuan sailkatu dira bizkaitarrak eta Eurocupeko 2. faserako sailkatu da Gernika Bizkaia.

Portugaleko taldearen kontrako partidako lehen hiru laurdenetan paretsu aritu ziren Gernika Bizkaia eta Uniao Sportiva (57 eta 54), eta, laugarren laurdenak erabaki zuen. Azkenean, 84 eta 66 irabazi zuten.

Primerako denboraldia darama Gernika Bizkaiak eta historia egin dute, Europako saskibaloi elitean aritzeaz gain, EuroCupeko playoffak jokatuko dituztelako lehen aldiz, Mario Lopez entrenatzailearen esanetara.

Naiara Diez, kapitaina
Naiara Diez CBASK Altsasu saskibaloi taldean trebatu zen. Ardoi taldetik pasa zen eta Zaragozan aritzeko aukera sortu zitzaion. Ondoren Iruñera bueltatu zen. Atsasuarra 7 denboralditan aritu zen Emakumezkoen Ligako lehen mailan, azkeneko lau denboralditan UNB Obenasarekin. Baina krisiaren eraginez Nafarroako taldea desagertu eta gero, 2013-2014 denboraldirako Emakumezkoen Ligako 2. mailako Gernika taldean aurkitu zuen tokia altsasuarrak eta 2015/2016 denboraldian Gernika mailaz igo eta gero, ordutik lehen mailan dabil, Emakumezkoen Ligan. Eskolta postuan jokatzen du Diezek (Altsasu, 1987-01-29, 1,81 m). Taldeko jokalaririk kuttunenetakoa, Gernikako kapitain lanetan jarraitzen du altsasuarrak.

Emakumezkoen Ligako aurtengo denboraldian, 9 jardunaldi jokatuta, Perfumerias Avenida da liderra (18 +9 puntu). Lointek Gernika Bizkaia hirugarrena da (17-1 puntu). Larunbatean, 18:30ean, 10. jardunaldia jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak etxean, Embutidos Pajariel taldearen kontra.