Historia-memoria ikertzeko beka deialdia

Guaixe 2018ko abe. 14a, 10:35
Institutuko eta udaleko ordezkariek Gogoan proiektuko hitzarmena sinatu zen unea.

Institutuko historia klasean ikasleek ibarreko adinduei egindako elkarrizketetan oinarritutako ikerketa beka antolatu du Altsasuko Udalak. 700 eurokoa da eta 5 hilabete izanen dira lana egiteko.

Altsasu Bigarren Hezkuntzako institutuko ikasleek 9 ikasturtetan 300 elkarrizketa baino gehiago egin zituzten. Ibarreko pertsona adinduak ziren gazteek elkarrizketatzen zituztenak eta Frankismo garaiko eguneroko bizitzari buruzko testigantzak jasotzeko egiten ziren. Hori guztia da Gogoan proiektua eta hitzarmen baten bidez sortutako materiala Altsasuko Udalaren esku utzi duena.

Material horretan oinarrituta, Altsasuko edo Sakanako historia-memoriari buruzko ikerketa-beka deialdia egin berri du, 700 euroko diru-poltsa duena. Batxilergo ikasketak dituen edozein pertsona aurkeztu daiteke deialdira, banaka edo taldeka. Bekaren hartzaileak 5 hilabete izanen ditu lana egiteko eta, behin despedituta, lana inprimatuta eta euskarri informatikoan Altsasuko udaletxean aurkeztu beharko du. Jakina, lana jatorrizkoa izan behar du. Bekaren hartzaileak diruaren erdia jakinarazpenarekin batera jasoko du eta beste erdia lana ematerakoan.

Beka deialdian parte hartu nahi dutenek www.altsasu.eus web orrian dagoen eredua segituz eskaera aurkeztu beharko dute. Nortasun agiriaren eta titulazioaren kopiekin batera, ikerketa-proiektuaren azalpen-memoria (izenburua, lan-hipotesia eta lortzea espero diren emaitzak, lanaren kudeaketa plana, ikerketa lanerako Gogoan proiektuko dokumentazioa kontsultatzearen garrantziaren zergatia azaldu eta ikerketa proposamenaren laburpena). Beka jaso eta bi hilabeteetara bekadunak udalari lanaren martxaren berri eman beharko dio. Eskabideak aurkezteko epea heldu den astelehenean despedituko da, 14:00etan. Udalak beka nori eman dion abenduaren 31n jakinaraziko du.