Musika eta dantza eskolako zuzendaritza batzordea parte-hartzaileagoa

Guaixe 2018ko abe. 18a, 08:44

Ikasleak musika eskolan. Artxiboa

Altsasuko Udalak musika eskolako estatutuak aldatzea eta eskola kontseilua desagertaraztea erabaki zuen azaroaren 28an egindako bilkuran. Aldaketa horrekin udal musika eta dantza eskolako komunitateak ikastetxeari dagozkion erabakietan parte hartzeko aukera eta bermea ematen zaio. Izan ere, udaleko bost kideez aparte (lehendakaria eta lehendakari-ordea haien artean aukeratzen da), ikasleen familien bi ordezkarik, ikasle helduen ordezkari batek eta ikastetxeko zuzendariak osatuko dute batzordea. Orain arte hautetsiek hartzen zituzten erabakiak soilik.

Bilkura berean Altsasuko Udalak erabaki zuen Sakanako Mankomunitateko Euskara Batzorderako bere ordezkari berria izendatzea. Ardura hori Asier Barandiaranek hartuko du. Galdakoztarra sortzez, Arbizun bizi da. Filologian doktorea eta Haur Hezkuntzan diplomatua eta 2011tik Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Departamentuko irakaslea da. Eusko Ikaskuntzako Nafarroako lehendakari-ordea da. Nafarroako Euskara Kontseiluko kide izan da.